Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Udako ameskeriari ihes

Terraza batean nengoen lagunaren zain, garagardo hotz-hotza edatera gonbidatzen duten egun horietako batean, bizitza zoragarria dela pentsarazten dizuten egun horietako batean. Uda-hasierako eguzki-izpi irrikatuak azalean, jendea alaitsu kalean zehar hara eta hona, grisa eta arazoak beste nonbait daudela. Udarak badu ahalmena baikortasuna eragiteko pertsonongan, sentiarazteko ohi baino bizipoz handiagoa. Nork bere eta guztion bizimodu arruntetik kit-kat bat egingo bagenu bezala… irailera arte, behintzat.

Beharbada, nork bere zilborrari baino ez begiratuz gero, gertukoenez soilik arduratuz gero, hedabideei azaletik bakarrik erreparatuz eta hedabide nagusi horiek besterik ez hartuz gero, baliteke benetan sinestea mundua ez dagoela hain izorratuta eta urte osoko kontu latzak samurtzen hasiak direla. Izan ere, inguruko irudiak, mezuak, elkarrizketak, ekimenak, festak… hain dira koloretsuak eta positiboak, musikalak eta dibertsiozkoak. Kutsagarriak ere bai, nork ez du-eta behar atseden, ebasio, azalkeria… tarteka. Udara, beste ezeren gainetik, erlaxazioaren garaia da, opor-giroarena. Oporrak lanetik, eta oporrak jendartearen gaitzetatik, ohiko kezketatik.

Halaxe saltzen digute uda erosteko ahalmena dugunoi, alegia, lehen mailako herritar zuri langile batez bestekoari eta hortik gorakoei. Hauta dezagun itsasoa ala mendia, uztaila ala abuztua; balia ditzagun beherapenetako maukak armairukoak berritzeko eta azken modara egokitzeko, edertasuna esplotatzeko; ibil gaitezen kalean pasieran giro atseginaz gozatzen eta parrandan gauean poz kolektiboarekin bat eginda; utz ditzagun dramak, aldarrikapenak eta kopeta ilunduak etxean eta erakuts dezagun gure irribarrerik zabalena, ez dezagun hondatu urtean bi hilez guztion bizimodua zoriontsua delako ameskeria kolektiboa.

Halako ergelkeriaz libratzea badugu, baina, inguruneari benetan so egiten eta jendeari entzuten segituz gero. Festa-giro orokor narkotizatzailean murgilduta, garrantzitsua da gure zentzumenak ez lausotzeko eta gure burua ez engainatzeko ahalmena izatea, gaitasuna jabetuta segitzeko hainbeste garagardo hotz, terraza, argazki eta mezu positibo, musika, festa eta opor artean, hortxe daudela tinko gure jendartearen aje guztiak: indarkeria, xenofobia, arrazakeria, klasismoa, homofobia, sexismoa, pobrezia... Garrantzitsua da urte osoko senari eustea eta, batik bat, horiek borrokatzeko jarrera aktiboa etxean ez ahaztea.