GARA
DONOSTIA

GusaSOSek erraustegiaren kontrako ekimen juridikoa aurkeztu du

Gipuzkoako hondakinen gatazkari amaiera emateko helburuarekin, hondakinak kudeatzeko hurrengo plana osatzeko prozesuan herritarrek parte hartzea eskatu zioten Diputazioari. Eztabaida sustatu nahi dute, erraustegiaz beste irtenbide bat adostu ahal izateko.

Erraustegiaren kontrako gurasoen plataformak, GuraSOSek, Gipuzkoako Diputazioan ekimen juridiko bat aurkeztu zuen atzo, azpiegitura horri buruz parte-hartze prozesua zabaldu dezala eskatuz. Era berean, Markel Olano diputatu nagusiarekin zein Ingurumeneko arduradunekin biltzeko eskaera ere egin dute.

Azaldu zutenez, proposamen honek erraustegiaren obren lizitazioa automatikoki etengo du, eta Diputazioak hilabeteko epea du eskaerari erantzuna emateko. GuraSOSek adierazi duenez, «Foru Aldundiak hurrengo Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren (GHHKPO) bitartez martxan jarri nahi zuen parte-hartze prozesua zabalduko du» ekimen juridiko honek, erraustegiaren inguruan eztabaida sor dadin herritarren artean.

«GuraSOS ez da erraustegiaren aurkako mugimendu gisa definitzen. Bai eskatzen duela irtenbide hori alde batera uztea, baina bere planteamendu propioan eta ez frentistan oinarrituz. GuraSOS hondakinen kudeaketari buruz iritzi eta ideologia askotarikoak dituzten ama eta aitek egindako diagnostiko komun batetik sortu zen. Zentzu horretan, ez dugu defendatzen gai horren gaineko aukera zehatzik.», aipatu zuten. Horregatik, «kezka natural batek» batzen dituela gogoratu zuten: «Inork ondoan nahi ez duen azpiegitura batek seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginak».

15.000 atxikimendu

Hala, euren helburua irtenbide adostu alternatibo bat bultzatzea da, «ingurumen eta osasunarekiko begirunez jokatuko duena». Plataformak uste du irtenbiderik egokiena denon artean onartutako bat dela, kontsentsu zabalean oinarritua eta osasuna lehenesten duena. Era berean, gogorarazi zuten elkartea duela bi hilabete sortu zela eta jende ugari euren inguruan biltzea lortu dutela. Horren adibide dira euren manifestuarekin bat egin duten 15.000 pertsonak edota pasa den ekainaren 19an Donostian bildu ziren milaka manifestariak.

Gizartearen parte handi baten babesa dutela ikusirik, orain «herritarrek gai publikoetan zuzenean parte hartu ahal izatea» eskatzen dute.