GARA
BILBO

Sei ordutik behera lo egiteak arrisku kardiobaskularra dakar

Lo egiteko arazoen eta diabetesaren eta eritasun kardiobaskularren arteko lotura aztertuko dute EHUren ikastaro batean. Datorren astean, uztailaren 15ean, Bilboko Bizkaia aretoan izanen den kurtsoa osasun profesionalei zein publiko orokorrari zuzendua dago.

EHUren Udako Ikastaroek lehenbiziko aldiz eskainiko dute loaren arazoak eta horiek diabetesarekin eta gaixotasun kardiobaskularrekin duten erlazioa aztertzeko ikastaro espezifiko bat, profesionalentzat nahiz publiko orokorrarentzat.

Insomnioa, loaren apnea eta hipersonmiak (narkolepsia bezalako eguneko logalea) lehen mailako osasun arazoa dira gaur egun. Estatu espainoleko biztanleen hirutik bati eragiten diote eta eragin ekonomiko eta soziosanitario handia dute. Sufritzen dutenen bizi kalitatea kaltetzen dute, eta trafiko istripuak, obesitatea eta arazo kardiobaskularrak ekar ditzakete.

Berriki kaleratutako ikerketek, kurtsoan aurkeztu eta aztertuko dituztenek, frogatzen dute, adibidez, beharrezkoa baino ordu gutxiago lo egiteak diabetesa eta hipertentsioa ekar dezaketela. Diabetesari dagokionez, lo gutxi egiteak glukosarekiko tolerantzia txikitu eta obesitatea areagotzen du.

Lo faltak katekolamina jariakina handitzen du, baita nerbio sistema sinpatikoaren tonua eta kortisolaren jariakina ere. Hiru egoera horien baturak hipertentsioa handitzea dakar eta, ondorioz, arrisku kardiobaskularra handitzea ere bai.

Diego Garcia Borreguero Loaren Ikerketen Institutuko eta ikastaroaren zuzendariak dioenez, arriskuak handitzen doaz lo orduak gutxitzen diren heinean. Sei ordu baino gutxiago egiten badira nabaritzen hasten da arrisku hori, eta larritasuna handitzen doa lau ordutik behera lo eginez gero.

Loaren geneak

Ikastaroan loaren funtzionamendua ere azalduko da. Horretan zerikusi handia dute «clock geneak» deitutakoek, baita beste gene batzuek ere (Per, Cry edo Bmal). Horiek loa hasten eta bukatzen dugun ordua erregulatzen dute, eta gure lo beharrak determinatzen dituzte. Gene horietan gertatzen diren alterazioek insomnioa sortzen dute, maiz familia bereko zenbait kiderengan.

Aditu honetaz gain, beste batzuek ere parte hartuko dute ikastaroan, hala nola Joaquin Duran-Cantollak (EHUko irakaslea eta Txagorritxu Ospitaleko Loaren Arazoen Unitateko arduraduna) eta Juan Jose Pozak (Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzukoa).