Jon LEUNDA
TRONTZA

Emakumezkoen eta gizonezkoen Nafarroako Txapelketak erabakiko dira

Iruñean gaurtik hasi eta jaiak amaitu arte egunero izango dira herri-kirol jaialdiak, hainbat txapelketa horien artean. Egunero, 12.00etatik aurrera, Foruen plazan izango dira saioak ikusgai.

Lehen egun honetan trontzalarien Nafarroako bi final jokatuko dira. Nesketan eta mutiletan txapeldun berriak ezagutuko dira gaur.

Nesketan bost bikote lehiatuko dira eta Iraizoz ahizpak izango dira txapela lortzeko faboritoak. Beraiekin batera, Nuñez eta Lopez, Ontsalo eta Astiazaran, Sorondo eta Garcia eta Hualde eta Etxeberria neurtuko dira. Bikote bakoitzak 45 ontzako etzaniko enborra jarri eta 10 epai eman beharko dizkio emakumezkoen final honetan.

Mutiletan ere bost bikote lehiatuko dira, eta hemen bi agertzen dira besteen gainetik. Alde batetik, Barberena anaiak, eta bestetik, Kañamares III.a eta Eugi. Gauzak asko okertzen ez badira, txapelak bi horien artean beharko du. Hala ere, besteak baztertzerik ere ez dago, bertan jardungo baitira Urrutia eta Saldias, Kañamares IV.a eta Kañamares V.a eta Berruezo eta Oteiza ere. Bikote horietako bakoitzak 14 epai eman beharko dizkio etzaniko kana-erdiko enbor bati, eta beste lau, zutikako tamaina berekoari.