GARA
DONOSTIA

Pobrezia energetikoaren aurka egingo duen Energia Mahaia osatu du Gipuzkoak

Foru Aldundiak akordioa sinatu du hainbat eskualdetako energia agentziekin, energia planak sustatu, dinamizatu eta garatuko dituzten ekintzak aurrera eramateko. Egitasmoak 43 udalerri biltzen ditu.

Gipuzkoako Aldundiak hitzarmenak sinatu ditu Oarsoaldea, Urola Erdia, Tolosaldea Garatzen eta Debegesa eskualdeetako garapen agentziekin, eskualde hauetako energia planak sustatu, dinamizatu eta garatuko dituzten ekintzak aurrera eramateko. Erakundeetako bakoitzak 67.500 euroko diru laguntza jasoko du Foru Aldundiaren eskutik.

Estrategiak, hainbat ekintza planetan banatuta, pobrezia energetikoa eta ahulezia gutxitzeko hartu beharreko neurriak garatuko ditu: eraikinen, instalazioen, tresnerien, ibilgailuen eta abarren kontsumo ohiturak eta eraginkortasuna hobetzeko prebentzio neurriak eta neurri eraldatzaileak, etekinen banaketa zuzena egiten duten proiektuak erraztuko dituzten ekimen kolektibo eta publikoak, hala nola udal eta eskualde mailako energia alorreko plangintza eta ekintzak, kooperatiba energetikoak, energia berriztagarriak oinarri hartuta autokontsumoa sortzea, eta abar.

Lan hori modu koordinatuan burutu dadin, Ingurumen Departamentuak Energia jasangarriaren eta pobrezia energetikoaren Lurraldeko Mahaia osatzea erabaki du, Aldundiak atzo adierazi zuenez. Organo berri horrek eskualdeetako mahaiak bilduko ditu bere baitan, bakoitzaren planen arabera eta ekintza foralaren planoaren arabera. Mahaia kontsultarako, aholkularitzarako eta adostasunerako organoa izango da, baita Gipuzkoan energia berriztagarriarekin eta pobrezia energetikoarekin zerikusia duten administrazioen, erakundeen, gizarte eragileen parte hartzerako organoa ere.

Estrategia bateratuak egiteaz, garatzeaz eta ebaluatzeaz arduratuko da, pobrezia eta menpekotasun energetikoari aurre egiteko politikak eta jardunbideak zehazten lagunduz eta Gipuzkoan eredu energetiko jasangarrirako urratsak eginez, ikuspegi sozial, ingurumeneko eta ekonomikotik.

Mahaiaren funtzioak

Mahaiak funtzio hauek izango ditu, besteak beste: energia jasangarriaren inguruko azterketak proposatu eta ekintza plan berriak diseinatu, Europako erabakiak hobeto betetzeko neurriak proposatu, Aldundiak energia jasangarriari eta pobrezia energetikoari buruz egindako politika eta programen txostenak egin eta trantsizio energetikorako eta pobrezia energetikoaren aurka egiteko estrategia integratuak egin. Gizartearen parte hartzea ere sustatuko du.