GARA
ERRENTERIA

«Guztion onerako ekonomia», balio etikoetan oinarritutako kudeaketa

Ekonomian balio berriak sustatzeko apustuan eta Habian! proiektuaren ekitaldi-programari segida emanez, Guztion Onerako Ekonomiari buruzko hitzaldia eskaini zuten atzo Errenterian. Gaian aditu Ivan del Caz Bikonsulting kooperatibako ordezkariak hartu zuen hitza, Roberto Cacho Etikalia higiezinen agentzia etikoaren sortzailearekin batera. Lan egiteko eredu hau enpresak nola barneratu duen azaldu zuen, besteren artean. Emandako azalpenei esker, Guztion Onerako Ekonomia zer den, enpresetan nola txerta daitekeen eta kasu errealen esperientzia ezagutu ahal izan zuten bertaratu ziren profesionalek.

Guztion onerako ekonomiak balio etikoetan oinarritutako eredu ekonomiko, sozial eta politikoa proposatzen du. Antolatzaileek azken urteotako krisi sozioekonomiko «gogorra» eta, era berean, «gizarteak sekula ezagutu duen ingurumen krisi handiena» aipatu zituzten. «Honen guztiaren arrazoia balio etikoetan aurkitzen du biztanleen gehiengoak eta sistema ekonomikoa bidegabekotzat dauka ez dagoelako pertsonengan oinarrituta».

Hala, guztion onerako ekonomiak «elkartasuna, gizakion duintasuna, justizia soziala, jasangarritasun ekologikoa eta demokrazia» ardatz gisa proposatzen ditu. Eredu honek, bost urte baino gutxiagoan, 30 herrialdetara zabaltzea lortu du, 100 lantalde baino gehiago ditu, 1.500dik gora enpresak jarraitu dute eta 50 unibertsitate entzutetsutik gora dira babesten dutenak, ideologia, kultura eta maila sozial anitzeko milaka lagunez gain.

Kolaborazioak oinarri

Habian! egitasmoak Oiartzualdean sormenean eta elkarlanean oinarrituriko eredu berri baten balioak sustatzen ditu; eskualdeko ekonomia eredua eraldatu nahi du, pertsonengan, elkarlanean eta gizartearen jarduera ekonomikoaren ingurumenean oinarritzen den eredu bat lortzearren.

Hain justu, elkarlana eta ekintzailetza bultzatzeko bi haztegi jarri dira martxan Errenterian orain gutxi: Habian! Fabrika Kreaktiboa eta Habian! Teknologia Kreaktiboa. Teknologia berrietan oinarritutako proiektuekin, artisautza jarduerekin eta bestelako ofizio sortzaileekin harremana duten ekintzaileei beren jarduerak lantzeko gunea eskaintzen zaie bertan. Proiektu honen beste helburuetako bat ikuspegi soziala enpresa berrietan txertatzea da eta jarduera ekonomikoak pertsonen ongizatean laguntzea.