GARA
GASTEIZ

Landareen aldaera berriak lortzeko moduei buruz jardun dira Gasteizen

Nazioarteko 150 ikertzaile elkartu dira Gasteizen, landareen hobekuntza genetikoari buruz dituzten jakintzak partekatzeko. Helburua, egungo barietateek hazkundean, merkatuetan eta eraldaketan dituzten arazoak aldaera berriekin konpondu ahal izatea.

Landareen Hobekuntza Genetikoari buruzko VIII. Biltzarra amaitu berri da Gasteizen, non landareen aldaera berriak lortzeko ikerketez aritu diren. Adibidez, lehorteari aurre egingo dioten barazkien hobekuntza genetikoa izan zuten mintzagai.

Biltzarrean nazioarteko 150 aditu elkartu dira beraien ezagutzak partekatu ahal izateko, eta egungo aldaerek hazkundean, merkatuetan eta eraldaketan dituzten arazoak konponduko dituzten barietateak lortzeko ideiez eztabaidatzen aritu dira.

Gizateria landareen mende dago elikadurari dagokionez, jaten dituen elikagai guztiak begetalak edo horietatik eratorriak direlako. Ehungintzako osagai, botika, erregai, lubrifikatzaile eta are eraikuntzako material asko eta asko landareetatik datoz zuzenean edo zeharka. Historian zehar, gizakiok maila hobeko landareak lortzeaz arduratu gara gure beharrak asetzeko. Prozeduren sistematizazioa orain dela gutxi iritsi da, genetikaren garapenarekin.

Ikertzaileez gain, enpresek ere hartu dute parte biltzarrean, saio berezi batean. Horiek I+G+B proiektuetako eskakizun teknologikoei eta Biovegen plataforma teknologikoak koordinatutako lankidetza publiko-pribatuko aurreikuspenei buruz eztabaidatzeko aukera izan zuten. Helburua da enpresa sektorera ezagutza gehiago transferitzea, nekazaritzako elikagaien sektorera egokitutako estrategiak diseinatzen laguntzea eta ikerketaren aldeko inbertsio publiko zein pribatu handiagoa sustatzea.

Orain arte lortutakoa

Neiker-Tecnalian landareen hobekuntza genetikoari buruz egindako lehen azterketak joan den mendeko 50eko urteetatik datoz, eta Patata Hobetzeko Estazioarekin hasi ziren. Neiker-Tecnalia Europa eta munduko erreferentzia da labore horretan, eta hogeita hamar aldaera baino gehiago garatu ditu, Euskal Herrian zein Europako beste herrialde batzuetan ekoizteko. 2011n patataren aldaera berriak identifikatzeko Europar Batasuneko azterketa zentro aukeratu zuten.

Zentroak lortutako patata aldaeren artean nabarmentzen dira, besteak beste, Turia, Duquesa eta Victor, 70eko urteetan asko hedatu zirenak. Orain dela gutxi hainbat aldaera lortu dira, hala nola Zorba, Leire, Gorbea, Miren eta Entzia, eta egun merkatuan ustiatzen dira.

Patata aldaerak genetikoki hobetzeko erabili ziren hasierako teknikei pixkana biologia molekularreko azken metodologiak gehitu zaizkie, baita haziaren ekoizpenarekin loturikoak ere, horien artean mikropropagazioa eta aeroponia.

Halaber, pinua genetikoki hobetzeko programak egiten ditu Neiker-Tecnaliak, ekoizpena handitzeko helburuarekin. Baratzeko espezieei dagokienez, esaterako babarrunarekin, bertako ekotipoak hautatzeko programak egin dira, eta Arabako, Tolosako eta Gernikako barietateak erregistratu dira, gaur egun Eusko Label izendapenarekin merkaturatuak.

Hobekuntza genetikoko programak aplikatu zaizkien interes handiko beste espezie bi espezie Gernikako piperra eta Ibarrako pipermina dira. Labore estentsiboetan, Donostia, Maruri, Delika eta Osoro barietateak erregistratu dira kontserbatzeko.