Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Libre

Zuriz margotu zuten horma lehenik. “Zuten” idatzi dut, baina agian “zuen” esan beharko nuke. Pertsona bakar baten ekintza izan zitekeen. Gauza bat da ziurra: horma zuriz margotua izan zela lehenik. Ondoren, delako egileak letra beltzez esaldi bakarra idatzi zuen –“Etxerako bidean libre izan nahi dut, ez adoretsu”– eta haren ondoan emakume-sexuarekin lotu ohi den sinboloa marraztu, esaldiko “nia”, etxerako bidean libre, ez adoretsu, izan nahi duen hori zein den argi gera dadin. Kalea, espazio publikoa, libre bihurtzeko borroka ez da emakumeena bakarrik. Pobreena ere bada, eta adinekoena, eta europar zuri ez direnena. Kontua da ez garela horretaz ohartzen zerbait larria gertatzen den arte. Orduan bai, orduan egingo dugu protesta. Baina ezer gutxi aldatuko da, kontua ez delako sinplea. Aitzitik, ertz asko ditu; hain zuzen, norberak besteen askatasun faltan izan dezakeen parte-hartzea konplexua delako. Besteen seme-alaben heziketa lanbide dugunoi eskatzen zaigu gai hauek ikasgelan azaltzea, “etorkizuneko belaunaldiak” herritar arduratsuagoak izan zaitezen. Humanitate eta giza-zientzietan gabiltzanontzat gizarteari egin diezaiokegun onura hala azaltzen digute. Azken batean, nork “ulertzen” du mundua guk baino hobeto? Aldi berean, humanitate eta giza-zientzietara bideraturiko dirua behera doa. Zeinek du literaturarako denbora mundua gainbehera datorrela dirudien honetan? Baina zeinen denbora dator gainbehera? Eta zer egin dezake liburu batek egiturazkoak diren arazoen aurrean?