Jon ORMAZABAL
PILOTA

Buruz buruko errebantxa Gasteizera itzuliko da

Abuztuaren 7an, Ardoaren Desafioaren barruan jokatuko dute Irribarriak eta Urrutikoetxeak Ogetan.

Azken bi urteetan ez da posible izan, azkena Olaizola II.ak eta Martinez de Irujok jokatu zuten 2013an, baina aspaldiko ohitura da Andre Maria Zuriaren feriaren barruan Buruz Buruko finalaren errebantxa jokatzea. Aurten Iker Irribarria eta Mikel Urrutikoetxea sasoiko dira eta enpresek ez dute aukera galdu nahi izan; abuztuaren 7an jokatuko dute gipuzkoarrak eta bizkaitarrak, Ardoaren Desafioko bigarren partida izango dena.

«Aukera hau baloratu genuen, ohituraz partida klase hau Gasteizen jokatzen da eta antolatzea erabaki genuen. Urrutikoetxea gogo handiz dago, finalaren arantzatxoa geratu zitzaion eta ea lortzerik duen», azaldu zuen prentsaurrekoan Rafa Etxebarriak, Asegarceko arduradun berriak, nahiz eta gero Zaratamokoaren hitzetan ez zen halako ilusiorik antzematen.

«Nik ez dut errebantxa bat bezala ikusten, irabazi beharreko partida Irribarriak irabazi zuen eta hau jokatuko dugun beste partida bat baino ez da izango. Izan dezake kutsu hori, baina ez diot buelta handirik emango. Ikuskizun on bat ematea eta jendeak goza dezala da kontua», azaldu zuen iazko txapeldunak, zeharka partida mota honek kirol aldetik baino komertzialki balio handiagoa duela baieztatuz.

Ekitaldian ez genuen merezitako oporrak hartuta dagoen Irribarriaren iritzirik jasotzerik izan, baina pilotari guztiak bat etorri ohi dira abuztua ez dela halako partida bat jokatzeko unerik egokiena. Binaka elkarren segidan partida asko jokatzen ari dira bi enpresetako estelaristak eta ez dute horren exijentea den modalitate honetan prestatzeko denborarik izaten.

Fisikoki asko eskatzen du

«Kantxan jartzea kostatzen da gehien, bat bakarrik dagoenean gehiago sufritzen da, fisikoki hobeto prestatuta egon behar duzu eta orain udan, nahi edo nahi ez, partida asko dira jarraian jokatzen eta pilotaria nekatu egiten da. Baina ez da aitzakiarik egongo, biak ondo egongo gara», ziurtatu zuen.

2013an jokatutako mota honetako partidan sakeak txandakatuz jokatu zuten Aimar Olaizolak eta Martinez de Irujok; hau da, tantoa edozeinek eginda ere aldaketa egiten zuten, baina esperientzia ez zitzaien nonbait gehiegi gustatu eta aurten ez da halako ezer espero. Ohituraz, txapeldunordeak sakean koadro erdiko abantaila izan ohi du eta aurten ere hala izan liteke, nahiz eta enpresen artean ez duten gaiaz hitzik egin.

Pilotaleku berezia da Ogeta, frontisean metro erdi motzagoa delako eta atzean pilotak karga handia hartu ohi duelako. Urrutikoetxeak ez zekien horrek bietako nori egiten dion mesede edo kalte, baina bientzat berdin izango da. Beste behin, beste ardo desafio bat dago Mendizorrotzako pilotalekuan buruz buru jokatuz.

Oso gipuzkoarra eta gaztea

Binakako torneoa bi hitzetan laburbildu beharko bagenu, Gasteizekoa oso feria gaztea eta gipuzkoarra dela esan genezake; izan ere, Aimar Olaizola kenduta, Albisu da zortzi pilotarietan bigarren zaharrena 26 urterekin eta parte hartuko dutenen erdiak, Artola, Albisu, Rezusta eta Altuna III.a, herrialde horretan jaioak baitira.

Aurtengo Andre Maria Zuriaren binakako pilota torneoak hiru jaialdi izango ditu, bi finalerdi eta finala. Enpresa bakoitzak bere adarra izango du eta, hala, abuztuaren 5ean, gauez, Asegarceko pilotariak arituko dira elkarren aurka; Olaizola II.a-Untoria Artola-Albisuren aurka.

Hurrengo egunean Aspeko pilotarien txanda izango da eta Ezkurdia-Rezusta eta Altuna III.a-Zabaleta dira Eibarko enpresak aukeratutako pilotariak. Kontuan izan behar da azken bi urteetan Joseba Ezkurdia atera dela txapeldun, Merino II.a eta Zubietarekin.J.O.