GARA
BARAKALDO
Eskubaloia

Suediako H65 Hoors HK taldearen aurka egingo du debuta Zuazo Barakaldok Europako lehiaketan

Europako lehiaketan, Challenge Cup delakoan hain zuzen, parte hartzea deliberatu zuen unetik, Zuazo Barakaldo bere aurreneko aurkaria zein izango ote zen zain zegoen. Azkenean, badaki zeinen aurka egingo duen debuta talde bizkaitarrak nazioarteko txapelketetan: Suediako H65 Hoors HK taldearen kontra.

Suediarrak ez ezik, Finlandiako HIFK eta Ukrainako HC Dnepryanka izan zitezkeen Barakaldokoen aurkari eta, itxura guztien arabera, aurkari gogor samarra egokitu zaio Sergio Barcenillak zuzentzen duen taldeari. Izan ere, H65 Hoors HK iaz EHF Cup delakoan lehiatu zen, baita final-laurdenetaraino iritsi ere. Han, Danimarkako Randers talde indartsuak bota zuen talde suediarra.

Alde onari begira jarrita, aldiz, bidaiarik laburrena ere egokitu zaio talde bizkaitarrari. Etxetik kanpora hasiko dira Barakaldokoak: azaroaren 12an Hoor herriko Bjorkvikshallen pabiloian, hain zuzen. Kanporaketaren kitarakoa astebete beranduago, azaroaren 19an, izango da Lasesarre pabiloian.

Taldea sendotuz

Challenge Cupeko kanporaketaren berri jakin aurretik, ordea, Zuazo Barakaldok jokalarien lantaldea sendotzeari ekin dio aspalditik.

Egia da Laura Steinbach alemaniarrak –bere herrialdeko selekzioko jokalaria– ez duela Barakaldon segituko. Alabaina, Irene Espinola hegaleko ezkertia eta Naiara Egozkue Atarrabiko hegalekoa fitxatuta, majo indartu dute taldea.

Horrez gain, Nerea Elizegi hegaleko bizkaitarrak eta lehenengo lerroko jokalari Sandra Gil kantabriarrak ere kontratua berritu dute duela gutxi, denboraldiari indartsu ekitearren.