GARA
DONOSTIA

Inkesta Soziolinguistikoaren lanak abian dira dagoeneko

Euskal Herrian hizkuntza politikaren ardura duten hiru instituzioek agerraldia egin zuten atzo, Donostian, 25 urte betetzen dituen Inkesta Soziolinguistikoari dagozkion lanak aurkezteko. Euskarak 1991tik izandako bilakaeraren gaineko datuak eman zituzten.

Patxi Baztarrika Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Mathieu Berge Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak eta Mikel Arregi Euskarabidea institutuko zuzendari kudeatzaileak VI. Inkesta Soziolinguistikoari dagozkion lanak aurkeztu zituzten atzo Donostian egindako prentsaurrekoan.

Agerraldian, gogora ekarri zuten 25 urte bete dituen inkestak 16 urtetik gorako biztanleen hizkuntza gaitasuna, euskararen, gaztelaniaren edota frantsesaren ezagutza erlatiboa, lehen hizkuntza, transmisioa, galerak eta irabaziak eta eremuz eremuko euskararen erabilera aztertzen dituela. Halaber, Euskal Herriko (euskararen eremuko) herri administrazioen arteko lankidetza sustatzea du beste helburu nagusietako bat, nabarmendu zutenez. Ildo horretan, azken 25 urteetako emaitza esanguratsu batzuk aipatu zituzten; hala nola denbora tarte honetan euskaldunen kopuruak gora egin duela, eta hazkundea 4,7 puntukoa izan dela, batez beste ia 0,5 puntu urteko.

Dena den, euskalduntzearen bilakaera ez da berbera izan lurralde guztietan, hazkundea batez ere EAEn gertatu baita (ia 8 puntuko igoera), eta neurri txikiagoan Nafarroan (2,2 puntukoa). Iparraldean, aldiz, galerak izan dira 2011ra arte (5 puntuko jaitsiera). «Hala ere, azpimarratu behar da konfirmatzen ari dela Iparraldeko gazte euskaldunen hazkundea», adierazi zuen Baztarrikak. Haren hitzetan, euskaldunen hazkunderik handiena gazteen artean gertatu da, eta hazkundea helduen euskalduntzeari eta, batez ere, hezkuntza sistemari esker gertatu da. Horrek eragin zuzena du erraztasunean; izan ere, euskaldunen %43k erraztasun handiagoa dute erdaraz euskaraz baino. Euskaren transmisioari dagokionez, gurasoak euskaldunak dituzten ia seme-alaba guztiek euskara jaso dute etxean (bakarrik edo erdararekin batera).

Euskararen erabilerak ere gora egin du Euskal Herrian, baina hazkundea EAEn gertatu da. Nafarroan bere horretan mantendu da azken 20 urteotan, eta Iparraldean behera egin du. Hazkundea, batez ere, eremu formalean gertatu da, eta euskararen alde (euskararen erabilera sustatzearen alde) daudenak oro har gero eta gehiago dira Euskal Herri osoan.