Ortzi MURUA
BAIONA
aPERITIFa...

«Euskal giroko ekimenak egitea oso garrantzitsua da» Guillermo Etxebarria

San Andres plazan bildu gara goizean Guillermo Etxebarriarekin. Bestarako prestatzen ari da hiria. Tragorik ez dugu hartu, baina bazen lana bere hitzak edaten. Sortzez Zaldibarkoa bada ere, 40 bat urte dira Baionako bestak ezagutu zituela.

Seaskan lan zinez handia egin du Guillermok. Hona 1975ean iritsi eta hurrengo urtean sartu zen Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioan. Irakasle aritu da eta azken hamabost urteotan Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendaria izan da. Ikasturte amaieran erretreta hartu berri du.

Baionako bestak ere bide horretatik ezagutu ditu. Izan ere, herri askotako ikastolek jai hauek baliatzen dituzte diru apur bat irabazteko. Ildo horretan, hainbat pertsonak lekuren bat utziz lagundu izan dituela gogoan du.

Eta gogoratzen hasita, festen bilakaera ere aipatu digu: «Lehen zernahi egitera etortzen zen jendea, borrokak izaten ziren eta urtero hildakoren bat ere suertatzen zen». Aurtengo segurtasun erakustaldiari dagokionez, berak dio lehenago gehiago ere izaten zela. Jendarmeak, jende artean zakurrekin nola ibiltzen ziren oroitzen da. Besten karietara antolatu futbol partida baten ondotik, «polizia eta bestazaleen arteko liskarrekin», giroa nola gaiztotu zen ere kontatu digu.

Orain ordea, gauzak aldatu direla iruditzen zaio: «Tokiak finkatu dira, ez dira autoak denean lehen bezala, lo egiteko lekuak prestatu dituzte eta komunak ere eman dira». Halere, kanpotar batzuk lehengo izpiritu berean heldu direla uste du eta autoetan mozkortu ostean bestara etortzeko kontua ez du atsegin.

Besteren artean, Herriko Etxeko balkoitik egiten den irekitze ekitaldia aipatu dugu, azkenean egin ez dena. Bertsolaria kentzea ez gustatu arren, “Katalina Erauso” pastoraleko kantariei lekua ematea egokia zitzaion. «Ingurune hain frantsestuan euskal kutsuko» zerbait izatea garrantzitsua dela uste du eta gazteen ekimenekin eta presoen aldeko ekitaldiekin sortzen den giroarekin pozik da. Aurten bestetan ez da lanean arituko Etxebarria, baina usaian bezala euskal giroko lekuetan ibiliko da, Karrikaldian eta kantuan. Merezia du eta ongi pasa dezala!