Ion SALGADO
ANDRE MARIA ZURIA

BLUSEK ETA NESKEK HARTU DITUZTE GASTEIZKO KALEAK

BLUSAK ETA NESKAK DIRA GASTEIZKO JAIEN GATZ ETA PIPERRA. ZAINDARIARI LORE ESKAINTZA EGIN ONDOREN, ERDIGUNEKO KALEAK HARTU ZITUZTEN, ALAITASUNA HERRITAR GUZTIEI KUTSATZEKO, BATEZ ERE, ZEZENKETETARAKO JOAN-ETORRIAN. EZ DAGO JAIAK ULERTZERIK BLUSA ETA NESKARIK GABE.

Uztailaren 25ean entsegua egin zuten blusek eta neskek. Gasteizko kaleetan ibili ziren beren eguna ospatzen, eta bide batez jaietan egingo zutena erakusten. Atzo, Andre Maria Zuriaren egunean, abarkak jantzi zituzten atzera, emankizun nagusia burutzeko. Erdiguneko kaleak hartu zituzten, dotore jantzita eta umore onez. Batzuek, fededunek, goiz hasi zuten eguna, Arrosarioko prozesioan. Gehienak, aldiz, 9:00etan atera ziren kalera, Blusa eta Nesken Batzordeak deitutako dianarekin.

Gosaldu ondoren, kuadrillak San Migeleko balkoira hurbildu ziren Andre Maria Zuriari lore eskaintza egin eta ohorezko aurreskua dantzatzeko. Zaindaria agurtu ostean, blusak eta neskak Aihotz plazara gerturatu ziren, GEU txosnan pintxo bat eta tragoxka bat hartzera. Andoni Egaña eta Sebastian Lizasoren bertsoak entzun zituzten bitartean. Eguerdian Plaza Berrian zuten hitzordua, ikurrinari eginiko omenaldian.

Ekitaldia amaitu zenean, Basatia kuadrillako kideek ardo upel bat jaso zuten. Hori zen haientzako saria uztailaren 25ean izandako upel lasterketa irabazteagatik.

Eguneko ekitaldi nagusia, ordea, arratsaldean iritsi zen, 17.00etan, blusak eta neskak zezenetara joatean. Itzultzean Alde Zaharreko kaleetan galdu ziren kuadrillak, ogitarteko baten bila. Gaur ere hartuko dituzte Gasteizko kaleak, eta hamaika ekimen burutuko dituzte. Beraiek baitira jaietako gatz eta piperra.