Jon LEUNDA
Sega

Gipuzkoakoaren errebantxa izango da Euskal Herrikoan

Julen Gabirondo, Igor Esnaola, Jokin Etxeberria eta Arkaitz Arteaga neurtuko dira bihar, 12.00etan, Asteasuko Sarobe baserrian jokatuko den norgehiagokan.

Euskal Herriko segalarien finala jokatuko da bihar, 12.00etatik aurrera, Asteasun, Sarobe baserriko belardian. Orain dela bi aste jokatu zen kanporaketako lau onenak lehiatuko dira, eta hor erabakiko da aurtengo Euskal Herriko onena zein den.

Jokin Etxeberria, Julen Gabirondo, Igor Esnaola eta Arkaitz Arteaga izango dira lanean arituko diren lau segalariak. Gipuzkoako finalean aritu diren lau segalariak izango dira Euskal Herrikoan ere. Orain emaitza errepikatzen den edo aldatzen den ikusi beharko da. Segalari bakoitzak ordubete izango du lanerako, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duenak eramango du txapela.

Gabirondo II.a da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta berak irabazi du aurten Gipuzkoako finala. Horrek txapela lortzeko faborito nagusi bihurtzen du. Hala ere, kanporaketa ez zuen berak irabazi, baina hango erreferentzia ez da oso baliagarria, orduan ordu erdiko lana bakarrik izan baitzuten, eta finalean ordubetekoa izango dute, eta horrek dena aldatzen du. Gipuzkoakoa irabazi izanak, halere, lasaitasuna eta konfiantza emango dio.

Igor Esnaola da beste faboritoa. Legorretakoari azkeneko finaletan aurrea hartu dio Gabirondok, baina hala ere oso kontuan hartu beharko da, orain ere zerrenda horretan agertzen baita. Maila handiko segalaria da, eta eskarmentua ere handia du legorretarrak.

Etxeberriak irabazi zuen kanporaketa eta hori ere kontuan hartu beharko da. Orain arte oso lan ona egiten ari da, eta galtzeko oso gutxirekin plazaratuko da. Aurreneko helburua beteta dago, finalean sartzea, eta oso arriskutsua bihur daiteke bi faboritoentzat.

Azkenik, Arkaitz Arteaga urte askoan egon da era tradizionaleko lehiaketetatik kanpo, eta normalean itzulera ez da erraza izaten. Nolanahi ere, Baliarraingoak bai Gipuzkoako finalean bai Euskal Herrikoan sartzea lortu du. Honek ere galtzeko gutxi eramango du finalera, eta irabazteko asko.

Ez da emakumezkoen txapelketarik izango  

Aurten ez da izango emakumezkoen Euskal Herriko txapelketarik, horrela baieztatu baitzuen Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak. Azkeneko urteetan bi besterik ez dira neurtu, eta aurten parte hartzailerik ez zegoenez, bertan behera geratuko zela esan zuen Federazioak.

Jokatuko ez den beste lehiaketa, baina kasu honetan mutilena, Bizkaikoa izango da, han ere jenderik ez dutelako. Ondorioz, eta baldin eta Ormaetxeak eta Esnaolak apusturik egiten ez badute, era tradizionaleko azkeneko proba izango da biharko finala. J.L.