GARA
DONOSTIA

27 urte bete dituen sakabanaketa salatu du Etxeratek hondartzetan aurten ere

Beste urte batez, presoen eskubideen alde egiteko eta sakabanaketaren kontrako mezua zabaltzeko, hondartzetan mobilizazioak egin zituen atzo Etxeratek. Urtzi Errazkin eledunak hitz gogorrak izan zituen Lakuako lehendakari Iñigo Urkullurentzat, hilaren 1ean Loiolan Etxerateko kideei entzun nahi izan ez ziela eta taldeak prestatu zuen txostena jaso nahi izan ez zuela-eta. «Ezin gara giza eskubideen urraketetara ohitu», gaineratu zuen.

Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzetara eraman zuen beste behin Etxerat taldeak, atzo, euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapena eta sakabanaketarekin amaitzeko eskaria. Presoek pairatzen duten salbuespen legediaren ezarpenak ez duela etenik eta amaigabea dirudiela nabarmendu zuten.

Hamar bat hondartzatan ikusi eta entzun ahal izan zen presoen senide eta lagunak biltzen dituen elkartearen mezua.

Etxerateko eledun Urtzi Errazkinek Donostian egin zituen adierazpenak, eta atzo hondartzetan gauzatu zuten ekimenaren helburua azaldu zuen, alegia, presoek pairatzen duten eskubideen urraketa egoera amaigabea bihurtu daitekeela salatzea.

«Ezin gara giza eskubideen urraketetara ohitu. Ezin dugu oinazea etengabe bilakatzen utzi. Aurten egiten dugun alerta deialdi hau inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu», adierazi zuen.

Urkulluren jarrera salatu

Horrekin batera, hilaren 1ean Lakuako lehendakari Iñigo Urkulluk lehen aldiz Etxeratek sakabanaketaren ondorioez egin duen txostena jasotzeari uko egin ziola gogoratu zuen Errazkinek. Txosten horrek sakabanaketa modu krudelean pairatzen dutenen egoera aztertzen du aurten bereziki, adingabeei arreta berezia eskainiz.

«Mila haur eta adingabe inguruk salbuespen espetxe-politika baten ondorioak pairatu behar dituzte. Baina lehendakariarentzat hori ez da garrantzitsua», gaineratu zuen Etxerat taldeko eledunak.

Horiek esanda, tamalgarritzat jo zuen Errazkinek Urkullu lehendakariak izandako jarrera, giza eskubideen arloan ardura handiak dituelako. «Ziur gara lehendakariak agertu duenaren gisako jarrerak gaindituz, euskal jendartea sakabanaketa politika indargabetzeko gai izango dela», esan zuen Etxerat taldeko eledunak.

Urkulluk Loiolan hilaren 1ean izan zuen jokaera erabat ezohikoa izan zen. Orain arte, Lakuako lehendakari guztiek jaso izan dute azken urteotan presoen egoera laburbiltzen duen txostena.

«Azken unean, lehendakariak ez zigula hartuko jakinarazi zioten elkarteari, eta haren ordez idazkari batek hartu zuen txostena», azaldu zuen Etxeratek.

Aitzitik, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria presoen senide eta lagunen elkarretaratzera batu zen eta txostenari buruz galdegin zuen.

«Urtero bezala etorri gara, aspalditik egiten dugun bezala, lehendakariari dispertsioaren ondorioen inguruko txosten bat ematera. Zoritxarrez, aurten ere hemen egoteak oinazearen ezabatzean eta bakean gutxi aurreratu dugula esan nahi du», adierazi zuen Loiolan Naike Diez senideak.

Adingabeak

«27 urtez aktibo dirauen salbuespen kartzela-politika honen ondorioak ezagutarazten lanean jarraituko du Etxeratek, eta Lehendakaritza honi milaka pertsonaren oinazeari amaiera emateko determinazioa eskatzeko. Pertsona horien artean daude adin txikikoak. Dispertsio politikari, eta beraz, sufrimenduari lotutako haur eta nerabeak», gaineratu zuen.

«Hori da aurten lehendakariari genekarkion informazioa: dispertsioaren ondorioak haurren eta nerabeen gainean, horri buruzko txosten bat. Erakundeen aldetik sufritzen duten babesgabetasun osoa salatzen duen txostena. Kartzela politikaren alderdirik ilunenaz mintzo den txostena», esan zuen Diezek. Loiolan Urkulluri esan nahi zizkioten gauzen artean, Bizkaiko EAJk umeen eta nerabeen egoerari buruz neurriak hartzeari uko egin diola zegoen, trukean baldintzak eskatzen zituelako. «Bere alderdiaren jarrera horren inguruan lehendakariak zer iritzi duen jakitea gustatuko litzaiguke, baina ez digu aukerarik eman», azaldu zuen Rafa Diezen semeak.

Atzo, hondartzetan, Urkulluk ikusi eta entzun nahi izan ez zuen errealitate gordinaren berri izan zuten milaka eta milaka herritarrek.

Bestalde, ostiralean presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak izan ziren Lekeition (97 lagun), Mutrikun (45), Getarian (34), Deban (46), Zarautzen (112), Mundakan (24), Ondarroan (176), Gatikan (11), Durangon (54), Hernanin (215), Arbizun (49), Galdakaon (63), Iruñean (148), Donostian (139), Errazkinen (30) eta Oreretan (159).