Nerea GOTI
ZELEDON ETA NESKA TXIKI

TXIKIAK, PROTAGONISTA HANDIAK

ETXEKO TXIKIENAK JAIETAKO PROTAGONISTA HANDIAK IZAN ZIREN ATZO, ETA ZELEDON TXIKI ETA NESKA TXIKIREN JAITSIERA, EKITALDI NAGUSIA. BARRAKETATIK ETA PARKEETAKO JOLASETATIK KANPO, HAURRAK GASTEIZKO JAIETAN EZIN DIRA GELDI EGON.

Zeledon Txiki eta Neska Txikiren jaitsierak goraino bete zuen Gasteizko Plaza Berria. Gerizpe preziatuan zein errukigabeko eguzkipean, hainbat belaunaldi zeuden, Zeledon nagusiaren antzera, euritako batekin, txikiak balkoi batetik bestera noiz jaitsiko zain.

San Migel elizan, Andre Maria Zuriaren kapera aurrean hasten da hitzordua. Gasteizko etxe askotan tradizio handia da atzoko egunean urtero birjinari loreak eskaintzea. Bertan izan ziren Aitana Nanclares eta Xabier Santamaria, Neska eta Zeledon txikiak, eta une hunkigarria izan zen bereziki neskatoarentzat, aitak beranduago azalduko zuenez.

Maitane eta Santi gurasoak ere Alazne txikiarekin zeuden han. Hemeretzi hilabeteko haurrak lore bat utzi zuen bertan. GARAri aipatu ziotenez, betidanik ezagutu dute tradizio hau. Birjinari eskaera egitea, hala ere, norberaren fedearen araberakoa dela esan zuten. Ondoan, Jorge eta Kathy gasteiztarrak 3 urteko Martin txikiarekin hurbildu ziren lore eskaintzara. Jaio zenetik bertaratzen omen dira eta «osasuna» eskatzen diote Ama Birjinari, «batez ere, txikiarentzat».

Jaiek plan ugari egiteko parada eskaintzen dute, udalekuetan irtenaldi bat egitea barne. Zuhatzako Irlako udalekuetako talde batek “Gasteiz Express” izeneko probak egin zituen hirigunean bertan, motxila-meta bat osatu ondoren. Euskal Herriko haurrez gain, Galizia, Errioxa, Extremadura eta Madrildik etorritakoak zeuden, jakin-minez ingurura begira.

Aitita-amama, osaba-izeba edo aita-amen eskutik zein sorbalda gainean, beste edozer uzteko unea heldu zen eguerdian, eta Gasteizen jaietan zebiltzan gehienak plazan bildu ziren.

Bero latza, jende ugari, eta ez zen negarrik entzuten. Aitor Brea txikiak zuzendu zuen bandaren lehenengo doinuekin, besoak gora, zapiak airera eta saltoka hasi ziren plazako guztiak, eta are indartsuago Zeledon eta Neska Txiki balkoian agertu zirenean. Eszenatokirako bidea osatuta, hitz batzuk bota zituzten, ematen dien poza onartuz eta jaietan ondo pasatzeko gonbita eginez.

Azken hilabeteetan gogor entseatu duten arin-arina ere ederki dantzatu eta txalo zaparrada jaso zuten. Eta bukaeran, sentimendu eta nerbioen zama gainetik kenduta, biek onartu zuten pentsatu baino errazago irten zela dena. Hala ere, ez zuten ezkutatu Zeledon eta Neska txikien azalean oso une berezia bizi izan zutela; amets bat bete zutela sentitzen zuten jaiak txikitatik hurbil-hurbiletik bizi izan dituzten bi haurrek.

Ekitaldiko aurkezleak esan zuen bezala, Aitana «amaren tripan hasi zen Neska izaten», eta «Xabik» ere –etxean esaten dioten moduan– eskarmentu handia du jaietan, 12 urte besterik ez baditu ere. «Goizean apur bat urduri egon dira, baina orduak pasatu ahala, batez ere agurraren ondoren, lasaitu egin dira eta gehiago gozatu dute», azaldu zuen Iñigo Nanclaresek.

«Aitak txikitatik irakatsi zigun blusa izatea zer den, duela hamahiru urte utzi gintuen eta Aitanak buruan izan du beti Neska Txiki izan nahi hori, aititari eskaintzeko», kontatu zuen ondoan zuen aitak. Horregatik, aititarekin gogoratu eta bereziki hunkigarria egin zitzaion neskari lore eskaintzaren ondoko agurra egitea.

Zeledon eta Neska txiki biek bete-betean bizi izan dituzte jaiak oso txikitatik. Horren testigantza Aitor Xabierren aitak ere eman zuen. Azaldu zuenez, hiru urte eskas izango zituen Xabierrek gurasoen kuadrillarekin jaietan ibiltzen hasi zenean. Garai batean kuadrillaren umea zen, gero gehiago heldu dira. Azaldu zuenez, gurasoekin badaude ere jaietan neska eta blusekin hazten diren umeek ‘osaba-izeba’ asko dituzte.

Zure pisua, ardotan

Kuadrillek bestelako ekitaldiak zabaldu zituzten, horietako batzuk elkartasunezkoak. Zoroakoek, esaterako, Umeen Egunean Arabako haur minbizidunen gurasoen elkarte Aspanafoha-rekin batera, informazioa eman eta materiala saltzen zuen karparen ondoan pintxo-potea eskaini zuten elkarteari laguntzeko, eta eguerdi partean «zure pisua ardotan» izeneko zozketa egin zuten. Gurutze Gorriarentzako dohaintzak jasotzeko gunea ere izan zen atzo. Bertan argazkiak egiteko aukera eman zuten Bereziak taldekoek. Elkartasun zereginetan ibili ziren Zintzarrikoak eta Los Bainas taldekoak ere, besteak beste.

Txirritakoak urteurrena ospatzen hasi ziren. Berez 40 urte bete dituzte aurten, baina 2017an ospatuko dute. Azaldu zutenez, berez 1976an jaio ziren baina Martxoaren 3ko gertaeren ondoren ez zen jairik egin. Atzo, pintxoak eta edaria dastatzeko eman eta pankartak jarri zituzten ikusgai, «2009an Ertzaintzak bahitu zuena» barne.