J.L.
Harri-zulatzea

Ekaitzak eta euriak Euskal Herriko finala errepikatzera behartu dute

Bertan behera geratu zen herenegun ilunabarrean jokatzen ari ziren Euskal Herriko harri-zulatze finala. 16 minutu pasatxo zeramatela lanean, ekaitza iritsi zen Gernikara, eta epaileek bertan behera utzi zuten saioa.

Ondorioz, beste egun batez jokatu beharko da finala, eta berriro ere hutsetik hasi beharko dute. Arautegiaren arabera, honelako kasuetan bi herenak jokatu behar dira saioa balekotzat emateko, eta hori bete ez zenez, berriro hasieratik jokatu beharko da finala. Oraindik ez dago datarik, baina herenegun bezala Gernikan jokatzeko asmoa dute.

Final estua izaten ari zen, izan ere, lan erdietara iristen ari ziren, eta hiru talde zeuden zazpi zulorekin. Gainera, aurreneko aldiz, Euskal Herrian dauden harri-zulatzaileen talde guztiak ari ziren lanean, hiru ez baitira Liga jokatzen ari.

Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, baina azkenean ekaitzak dena apurtu zuen, eta orain zaleek berriro ere itxaron egin beharko dute talde guztiak batera lanean ikusi ahal izateko.