Asier AIESTARAN

Hondartza boleia edo Jose Tomas

Kirol ekitaldi bat antolatzera atrebitzen den edonork daki zein zaila den jendearen arreta piztu eta zaleak bertara inguratzea –kirolaz aparteko beste edozein motatako ekitaldietan ere berdina gertatzen dela esango nuke–. Telebistaren bitartez edo Internet bidez mundu zabaleko ia edozein kirol edo lehiaketa zuzenean jarraitzea posible denetik, jendea mobilizatu eta proba jakin bat ikustera gerturatzea –zeresanik ez sarrera ordaindu behar bada– lan bereziki gogorra bilakatu da.

Aipatzen dudan hau arazo nabarmena da denoi burura etortzen zaizkigun hainbat eta hainbat kirol minoritariotan, baina ustez jendartean ezagunagoak direnetan ere kezkatzeko arrazoiak badituzte. Realak Anoetan azken bizpahiru urteetan izan dituen sarrera eskasak, zeresanik ez GBCrenak azken denboraldian, makina bat esku-pilota jaialditan harmailek erakusten duten itxura, zenbait ziklismo lasterketatako amaierak... Adibideak non-nahi aurki daitezke, bakoitza bere ñabardurekin.

Olinpiar Jokoetan, esaterako, deigarria egiten zait sarrerak saltzeko orduan arrakasta gehien izaten duen kiroletako bat hondartzako boleia izatea, Jokoetara 1996an batu zen kirola. Londresen halaxe gertatu zen 2012an, nahiz eta han ia ekitaldi guztietako sarrerak agortu, eta Rion ere, brasildarrek indarra duten modalitatea izanik gainera, sarrera asko saldu dituzte –hamaika jardunalditako sarrerak aurreneko egunean saldu omen ziren–.

Nahikoa da neurketa pare bat ikustea zergatia ulertzeko. Joko azkar eta ulerterraza, normalean hondartzan eta eguraldi onarekin jokatzen dena –eta bestela leku itxietan birsortzen dituzte baldintza horiek–, gorputz lerdenak bainujantzian –gizonezkoek kamiseta zergatik janzten duten jakin nahiko nuke eta emakumeek ez–, tantotik tantora musika jartzen eta jendea animatzen egoten den DJa...

Eredua argi xamar dago, eta Euskal Herrian ere saiakerak egin dituzte antzeko bideak urratu nahian. Neguarekin zuzenki lotuta dauden kiroletan zaila da –hotza, euria eta lokatza bidaide izaten duten ziklokrosean edota “ziklo”rik gabeko krosean adibidez–, baina besteetan adibideak badaude: esku-pilota enpresek Bilbon DJarekin egindako jaialdiak, zestan musika kontzertuak edo gastronomia nahasiz egin direnak, TKE Ligak arraunari eman dion itzulipurdia, eta beste hainbat.

Horrekin batera, “Jose Tomas eredua” ere proba liteke, alegia, mota guztietako kamerak debekatu eta kirol hori ikusi nahi duenari bertara joatera derrigortu. Baina antolatzaile eta telebisten arteko erlazioek horrelako beste hamar zutabeetarako emango lukete gutxienez.

Bitartean, segi hondartza boleia telebistan ikusten, baina ahal baduzue zuen gustuko kirolak bertatik bertara jarraitzera ere