GARA
GASTEIZ

La Hoyako herrigunean bizi izan ziren gizakien aztarna genetikoa aztertu du EHUk

Guardiako La Hoya herrigunean bizi izan ziren gizakien aztarna genetikoa aztertu du EHUko ikertzaile talde batek, eta ondorioztatu du litekeena dela eremu horretan bizi izan zirenen jarraikortasun genetikoa.

EHUko BIOMICs taldeko ikertzaileek Guardiako La Hoya herrigunean bizi izandako gizakien aztarna genetikoa arakatu dute eta ez dute baztertzen eremu horretako giza taldeen jarraikortasun genetikoa eman izana, gutxienez, Burdin Arotik egungo egunetara arte.

EHUk iragan astean jakinarazi duenez, PLOS ONE aldizkariak “Mitochondrial DNA Reveals the Trace of the Ancient Settlers of a Violently Devastated Late Bronze and Iron Ages Village” artikulua argitaratu du, eta bertan ematen dute EHUko ikertzaileek La Hoyako antzinako bizilagunen aztarna genetikoen azterketaren berri. Ikerketa horretan, La Hoyako lehen bizilagunen aztarna genetikoak arakatu dituzte ama leinuen analisien bidez. Zehazkiago esateko, Arabako aztarnategi arkeologikoan berreskuratutako 41 giza gorpuzkiren DNA mitokondrialaren kontrol eremua analizatu dute Guardiako 51 giza banakok osatutako lagin batekin erkatzeko. Arabako populazio orokorreko beste 56 giza banakorenarekin ere egin dute alderaketa.

La Hoyako herrigunea «oso garrantzitsua izan zen bai Brontze Aroan bai Burdin Aroan, garrantzitsuenetakoa Iberiar penintsularen iparraldean, K.a. IV. mende aldera suntsitu eta III. mendean abandonatu zen arte», EHUk azaldu duenez.

Ebidentzia arkeologikoek iradokitzen dute La Hoyako ondorengoek handik gertuko muinoren bat hartu zutela bizileku, agian orain Guardia herria kokatzen den muinoan.

Bestalde, herrigunean Zeltiberiar Burdin Aroko izaki helduen hezurdurak ongi kontserbatuta aurkitu izana zinez garrantzizkoa da ikuspuntu historikotik nola biologikotik, orain arte, bederen, oso urriak direlako zeltiberiar kulturako gizaki helduen hondarrak. Garai hartan erabilitako hileta erritoen ondorioa da hori, errausketa erabili ohi baitzen gizabanako helduen kasuan, eta, horregatik, oso bakanak baitira egun kontserbatzen diren hezurdurak.