GARA
BILBO

Bilbon beste bi sexu eraso salatuta, jada bost izan dira aurtengo Aste Nagusian

Beste bi sexu eraso salatu zituzten atzo, bata Txurdinagan eta bestea Solokoetxen. Ehunka lagun bildu ziren Arriagako plazan gertatutakoa salatzeko, eta konpartsek txosnak itxi zituzten gauerdian.

Beste bi sexu eraso salatu dituzte Bilbon. Biak atzo goizaldean gertatu ziren eta, horiekin, bost sexu eraso edo sexu-eraso ahalegin izan dira jada aurtengo Aste Nagusian. Azkenengo kasuak Txurdinaga auzoan eta Solokoetxen izan dira.

Bilboko Udaltzaingoa Txurdinaga auzoan egindako sexu erasoa ikertzen ari da. Atzo goizean gertatu zen, baina hiriburuko agintariek ez zuten datu gehiagorik eman. Ustez bi gizonek 17 urteko neska bortxatu zutela azaldu zuen Eitb-k.

Solokoetxeko kasuan, Ertzaintzak adierazi zuenaren arabera, eraso saiakera bat izan zen. Atzo goizaldean, 05.15 aldera, gizon batek emakume batengana jo, eta abusu saiakera egin zuen. Hainbat lagunek biktimaren oihuak entzun zituzten eta laguntza ematera hurbildu ziren, Lakuak nabarmendu zuenez, eta erasotzaileak ihes egin zuen.

Udalak gaitzetsi egin zituen azkenengo kasuak, eta Juan Mari Aburto alkateak Bilboko Konpartsek deitutako elkarretaratzean parte hartu zuen. Lehengo egunetan bezala, ehunka lagun bildu ziren Arriagako plazan erasook salatzeko eta matxismoak jaietan lekurik ez duela errepikatzeko. Txupinera eta pregoilaria ere bertaratu egin ziren. Atzoko irudia hainbat alditan errepikatu da aurtengo Aste Nagusian, atzokoekin bost dira dagoeneko salatutako eraso matxistak.

Geldialdia

Bilboko konpartsek ordubete itxi zituzten atzo txosnak azkenengo erasoak salatzeko. 23.30etik 00.30era egin zuten protesta. Ohar labur batean azaldu zutenez, «pauso bat gehiago» eman nahi zuten indarkeria matxista salatzeko.

Iruñeko biktimari azterketa psikologikoa egingo diote

Iruñeko laugarren instrukzio epaitegia ari da ikertzen sanferminetan 18 urteko emakume batek jasandako bortxaketa, eta biktimari azterketa psikologikoa egitea agindu du. Epaileak ebaluatu egin nahi ditu izan ditzakeen ondorio psikologikoak.

Bost gizon atxilotu zituzten gaztea bortxatzeagatik. Sevillakoak dira, eta 25 eta 28 urte artean dituzte. Bata guardia zibila dela gogoratu beharra dago. GARA