GARA
BILBO

EH Bildu: «Sexu erasoak eta zezenketak, Aste Nagusiko puntu ezkor bakarrak»

EH Bilduren udal taldearen ustez, sexu erasoak eta zezenketek eragindako galera ekonomikoak dira «Aste Nagusi arrakastatsu eta parte hartzaile baten puntu ezkor bakarrak». «Herritarren parte hartzeak azken lau hamarkadotan landutako jai eredu arrakastatsu bati erantzuten dio. Hala ere, badago zer hobetu», adierazi zuen Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak, Bilboko Konpartsak eta herritarrak zoriondu zituenak eraso matxisten aurrean emandako erantzun azkarragatik.

Egindako elkarretaratzeak goraipatu eta Udal Gobernuaren jarrera kritikatu zuen Fatuartek mobilizazio guztietan parte hartu ez izanagatik. «Aburto jaunak gizarteari azaldu beharko lioke ehunka herritar Arriagan ziren bitartean berak zergatik izan zuen nahiago zezen plazan egon Juan Carlos Borboikoarekin. Gizarte erdiaren eskubideak, alegia, emakumeen eskubideak, defendatzen ari ziren herritarrak», esan zuen Fatuartek.

Bilboko Udalak azpiegitura publikoetan zezenketak bultzatzen jarraitzen duela ere kritikatu zuen zinegotziak. «Nahiz eta gero eta gehiago izan kontra dauden herritarrak, beste behin Aste Nagusian bederatzi zezenketa egin dira», salatu zuen.

Udalberrri udal taldeko zinegotzi Carmen Muñozek ere Aste Nagusian izandako eraso matxistak gaitzetsi zituen atzo. Zinegotziak nabarmendu zuenez, baliabide gehiago inbertitu beharko lituzke Udal Gobernuak gaitz honekin amaitzeko.