Idoia ERASO
URRUÑA

Eskola integrista bat ezartzeko Etxarrin egin salmenta salatu dute

Etxarriko Elgart gazteluaren salmenta salatzeko elkarretaratzea eginen da irailaren 10ean, 09.00etan, Donapaleuko herriko etxeko plazan. Urteetan nekazaritza eta hezkuntzako profesionalak prestatzeko zentroa izandakoa San Pio X kongregazioari saldu zitzaion udan, eskola kristau integrista bat sortzeko. Zentroko ikasle ohiek «merke saltze eta isiltasunean hartu erabakien salatzeko» antolatu dute hitzordua.

Baserrian Heziketarako Elkartea (AFMR frantsesez) Uztaritzera joango da Etxarrin zuen egoitza utzita. Elkarteko presidente Barthelemy Aguerrek gaztelua berritzeko «garestiegia» zelako saldu dutela esan du, baina elkarretaratzeko antolatzaileek aurrerantzean ordaindu beharreko alokairua 70.000 eurokoa izango dela nabarmendu dute, emandako arrazoia gaitzetsiz. Diru beharraren arrazoia «kudeaketa zinez txarra» dela ere erran dute. «Ezin dugu jasan heziketa berritzailera beharrean gaztelua irakaskuntza katoliko integristari bideratzea aurrerantzean» adierazi dute.