GARA
GASTEIZ

Debekatu egin dute Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitutako manifestazioa

Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak debekatu egin du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak biharko deitutako manifestazioa. Hala salatu zuten atzo mugimenduko kideek Etxarri Aranatzen egindako prentsaurrekoan, eta helegitea aurkeztuko dutela iragarri zuten. Gaineratu zutenez, «edozein kasutan, mugimendu honentzat manifestazioa egitea beste aukerarik ez dago».

“Gaixorik dauden presoak kalera! Amnistia osoa!” leloarekin, Etxarri Aranatzeko herriko plazatik abiatzekoa da manifestazioa. Sortuk ez du mugimendu horren estrategiarekin bat egiten, baina manifestazioaren debekua gogor salatu zuen atzo. «Hau beste behin ere euskal herritarrok mobilizatzeko dugun eskubidearen aurkako eraso bat da» eta Estatu espainolak «aldarrikapen zilegiak jazartzen» jarraitzen duela nabarmendu zuen alderdi abertzaleak.

Fernando Lizeaga eta Joxean Kortadi preso ohiak gose greban daude Etxarri Aranatzen, eta larriki gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzen dute. Gaurkoa hemeretzigarren eguna dute.