GARA
BILBO

«Espainiar eremua» hobestea egotzi dio ELAk Urkulluren Gobernuari

ELA sindikatuaren Nazio Kontseiluak adierazpena argitaratu zuen atzo Lakuako Gobernuak Confebask patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako akordioaren harira, eta gehiengo sindikala bazterrean uzten duela salatzeaz gain, euskal negoziazio kolektiboaren aurrean «Espainiar eremua» aplikatzeko hautua egitea egozten dio.

Uztailean sinatu zuten Lakuako Gobernuak, Confebask patronalak, CCOOk eta UGTk Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren bueltan garatutako akordioa, eraginkortasun mugatuko hitzarmenei bide ematen diena. Hots, ELA eta LAB sindikatuek osatzen duten gehiengoari bizkar emanez sinatutako hitzarmenak. Sindikatu abertzaleek lehen momentutik kritikatu zuten akordioa, langileen gehiengo zabal baten hitza (soldatapeko langileen ordezkaritzaren %59,2 dute ELA eta LABek) ez duelako kontuan hartzen eta gutxiengo batek babestutako hitzarmenak ontzat emango dituelako.

ELA sindikatuaren Nazio Kontseiluak gogor salatu zuen atzo Gasteizko Gobernuaren jarrera. Bere ustez, Confebask, UGT eta CCOOrekin sinatutako akordioak argi erakusten du Lakua erosoago dagoela espainiar eremua aplikatzen. «Akordio hauen xedea ez da euskal negoziazio kolektiboa ‘blindatzea’ eta ‘desblokeatzea’. Aitzitik, bi asmo dituzte: lehena errebindikazio sindikal eta soziala indargabetzea, eta bigarrena, patronalari eta Eusko Jaurlaritzari bide ematea aukeratu ahal izan dezaten, euskal langileen botoari muzin eginda, akordioak norekin itxi, hots, solaskiderik otzan eta merkeenarekin», adierazi zuen.

Gutxiengo sindikalak babestutako akordioen alde eginez, joko arau demokratikoak urratzen direla azpimarratu zuen Txiki Muñoz buru duen sindikatuak eta nabarmendu zuen patronalaren aldera lerratutako posizioa islatzen dutela.

«Akordioak sinatu dituzten Gobernua eta patronala bat datoz hainbat kontutan; batetik, gizarte eredu injustua aldezten dute. Bestetik, euren enpresa ereduan errebindikazioak eta langile klasearen nortasun kolektiboa indartzen dugun erakundeok ez dugu lekurik», adierazi zuen Nazio Kontseiluak.

Horrez gain, akordio hauen bidez Lakuak eta Confebaskek tresna politiko guztiak patronalaren zerbitzura jartzeko helburuan bat egiten dutela ohartarazi zuen ELAk. Hala, legeak, fiskalitatea, diru laguntzak, hobariak, gizarte elkarrizketarako mahaia patronalaren beharretara egokitzen direla uste du.

Oinarri politikoa

Horiek horrela, Lakuak hartutako jarrerak arrazoi politikoei erantzuten diela uste du sindikatuak. Lan Harreman eta Gizarte Babeseko euskal esparruaren alde egin beharrean, Lakua «Confebaskekin duen interes-aliantza dela medio, espainiar eremua aplikatzen eroso» dagoela azpimarratu zuen.

Ildo horretan, Gobernuak beste garai batzuetan jarrera arras desberdina izan duela aipatu zuen eta gogora ekarri zuen 1994an, estatalizazio saio bat zetorrenean, Madrilen Euskal Herriko negoziazio kolektiboaren alde jokatu zuela, euskal gehiengo sindikala eragingarri izatea lortuz eta bertako lan hitzarmenak babestuz. «22 urte igaro direlarik, Jaurlaritzak esaten du nahiago duela patronalaren eta gobernuaren beraren solaskide gisa gutxiengo sindikala, zeinak bertan negoziatzea galarazten digun», adierazi zuen.

Egoera horren aurrean, eskaera zuzena egin zien gainerako alderdi politikoei, gertakari hauekiko sentsibilitatea erakutsi dezaten eta euskal langileak kezkatzen dituzten arazoak eztabaida politikoan kokatuz.

Eremu sindikalean egin dezakeenaz, lantokietan oinarrizko egitura sindikalak indartzeari ekingo diola jakinarazi zuen, enpresarien boterea mugatzeko modurik egokiena gero eta langile kopuru handiagoa elkartzea eta antolatzea dela ulertuz.

Erabaki antisozialak aplikatzeko tresna

UGT eta CCOO sindikatuek Lakuarekin eta Confebaskekin akordioa sinatzeko garaian langile klasearen gehiengo bat baztertu ez ezik, erabaki antisozialak hartzeko bidea irekitzen dutela salatu zuen ELAk eta gaineratu zuen sindikatuok duten finantzaketa publikoaren beharrak eragin zuzena izan duela akordioan. «Bi sindikatuoi bost axola zaie langile klaseari eragiten dioten erabakiak mugimendu sindikalarekin kontsultatu ere ez izana. Gizarte Elkarrizketarako mahaia fartsa bat da eta bertan ez ikusiarena egiten da Gobernuaren erabaki antisozialekin», adierazi zuen.

Akordio honen bidez prekaritatea ezartzen dela eta negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzen dela azpimarratu zuen. «Espainian sinatzen dituzten hitzarmenek euskal langileon askatasun sindikala galarazten dute, ezin dugularik erabaki non eta zer nahi dugun negoziatu. Agerikoa da estrategia horren ondorioz gizartearen eta langileen txirotze larria datorrela», ohartarazi zuen sindikatu abertzaleak.GARA