Jon LEUNDA

EREñO IZAN DA HARRI-ZULATZAILEEN LIGAKO TALDERIK ERREGULARRENA

Harri-zulatzaileen Liga amaitu da, ez denboraldia, baina bai urteko lehiaketa nagusia. Ereño talde berria izan da onena. Kluba lehen aldiz aritu da aurten, baina eskarmentu handiko kirolariak izan ditu lanean eta nabaritu dute. Guztira sei talde aritu dira, hauetako bi, mistoak.

Bukatu da harri-zulatzaileen liga, eta aurten aurreneko aldiz parte hartu duen Ereño taldeak eraman du txapela. Kluba berria da bai, baina zulatzaileak ez, eskarmentu handikoak izan baitira, lehen ere beste leku batzuetan aritutakoak. Nagusitasun handia erakutsi dute, batez ere lehen probetan. Jokatutako zortzi probetatik zazpi irabazi dituzte, eta bigarren geratu ziren bestean. Horrek erakusten du maila handia dutela. Azkenean, alde handiak ez dira izan, baina bai nahikoak.

«Orokorrean lehiaketa ona izan dela uste dut. Ereño hasieratik jarri da aurrena, baina gerora beste talde batzuek ere estutu dute. Talde berria da, baina zulatzaile beteranoak izan ditu, eskarmentua zutenak, eta hori nabaritu da», dio Saioa Fernandezek, Adur kultur eta ekintza taldeko kideak, txapelketa kudeatu duenak.

Guztira sei talde aritu dira, baina denera bederatzi talde dira harriak zulatzen ari direnak. «Bederatzi talde daude, baina sei bakarrik aritu dira liga jokatzen. Arazoak zituzten erregulartasuneko lehiaketa baterako jendearekin. Egun bateko txapelketetarako jokatzeko moduan egoten dira, baina liga jokatzeko ez», dio Saioak. Sei talde horietatik, gainera, bi mistoak izan dira, Burdin Gazteak eta Errekatxo.

Sailkapen nagusian, Ereñok 115 zulo eta 10,8 zentimetroko marka egin du. Bigarren postuan, Trapagaran sailkatu da, 102 zulo eta 12 zentimetrorekin. Hirugarren, Kabiezes izan da, 99 zulo eta 11,11 zentimetroko marka eginda. Laugarren geratu da Burdin Gazteak, 91 zulo eta 12,9 zentimetrorekin; bosgarren Piratak izan da, 91 zulo eta 5,4 zentimetrorekin; eta azkena, berriz, Errekatxo, 90 zulo eta 8,9 zentimetrorekin.

Egun batekoak

Liga da harri-zulatzaileentzako ekitaldirik garrantzitsuena, baina oraindik egun bateko lehiaketak geratzen dira jokatzeko. «Dudarik gabe liga da harri-zulatzaileen ekitaldi nagusia. Aurten zortzi proba egin ditugu, eta egia da urtero lekuak errepikatzen direla. Gustatuko litzaiguke beste leku batzuetara ere zabaltzea, baina ez da erraza. Bizkaitik kanpo orain urte batzuk egon zen talde bat, Gipuzkoakoa ligan lehiatzen, eta han bertan ere egon ziren beste batzuk, baina orain denak Bizkaian daude. Aurten bederatzi talde ditugu, seik jokatu dute liga, eta ez gaude kexatzeko moduan, nahiz eta beti gehiago nahi», dio Saioa Fernandezek.

Liga amaitu bada ere, denboraldia ez da amaitu eta geratzen diren lehiaketei begira jarrita daude. Datorren asteburuan bertan bi final jokatuko dira. Larunbatean Miribillan Binakako Txapelketako finala jokatuko da mutiletan; eta igandean, berriz, neskena izango da Santurtzin, bietan ere 13.00etan. Irailaren 25ean Santurtzin jokatuko da baita ere Binakako finala, baina kasu honetan mistoan. Talde guztietan neska bat eta mutil bat egon beharko dira. Banakakoa ere jokatuko da, baina hori oraindik zehazteko dago. Oraindik jokatzeko dagoen bestea Euskal Herriko Txapelketa da. Gernikan hasi ziren jokatzen pasa den abuztuaren 15ean, baina orduan bertan behera geratu zen, ekaitza hasi baitzuen ekinaldia hasi bezain pronto, eta berriro ere hasieratik errepikatu beharko dute. «Gernikan bertan jokatzea nahi genuen. Han hasi zen lehiaketa jokatzen, baina erdi lanak ere egin ez zirenez bertan behera geratu zenean, berriro dena egin behar da, arautegiaren arabera. Gernikako Udalak urriaren 30ean jokatzea eskaini digu, eta oraindik erabaki ez badugu ere, seguruenik ere orduan jokatuko dugu. Taldeek ikusi behar dute ea egun horretan zulatzaile guztiekin ahalko duten», dio Saioak. Beraz, hori izan daiteke harri-zulatzaileen denboraldiko azkeneko ekitaldia, beste ezusteren bat ez bada behintzat.

Bere garaian aizkorarekin eta segarekin batera sekulako indarra izan zuen harri zulatzeak, batez ere aurreko mendearen hasiera aldera, baina urte askoan desagertuta egon ostean, orain dela hamabost bat urte itzuli zen berriro ere plazetara. Kirol gogorra eta zaila da, biak ditu honek, baina egonkortu egin da, eta hori dudarik gabe, berri oso ona da. Egia da Gipuzkoan taldeak egon direla, Hondarribian, Amezketan eta Altzon, esaterako, eta orain ez daudela, baina denborarekin agian berriak ere aterako dira Bizkaitik kanpo, bere garaian Gipuzkoan ere kirol honek indar handia izan baitzuen. Bizkaian urtero talde berriren bat agertzen da, eta jarraipenari eusteko ez da berri txarra. Gainera, bai emakumezkoak eta bai gizonezkoak ari dira kirol honetan, eta ikusleen kopurua ere handi samarra dauka. Taldeek euren jarraitzaileak izaten dituzte atzetik, proba guztietan giro aparta jartzen dute, eta ezagutzen ez dutenentzat ezagutzeko modukoa da.