Jon LEUNDA
sokatira

Euskal tiralariek dominak lortzeko aukerekin hasiko dute Mundukoa

Gaurtik igandera bitarte jokatuko da Suediako Malmo herrian Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa. Gaztedi, Goiherri eta Mutriku dira bertara joan diren euskal taldeak. Ez dute lan samurra izango, talde handiak izango baitira han, baina pisu txikietan badute dominak lortzeko itxaropenik.

Gaur, euskal ordezkariak gizonezkoen 580 kilokoan lehiatuko dira, eta emakumezkoetan, 500ekoan arituko dira. Mutiletan, Gaztedi eta Goiherri bina talderekin arituko dira eta Mutriku, berriz, batekin izango da. Hor badago dominetarako itxaropena. Nesketan, berriz, Gaztedik plazaratuko du talde bat.

Bihar, berriz, gizonezkoak 600 kiloko mistoan arituko dira, eta hor Gaztedi jardungo da lanean. Egun horretan 640koko mutilak ere lehiatuko dira eta lau euskal talde izango dira horien artean. Mutrikuk eta Gaztedik talde bana izango dute, eta Goiherrik, berriz, birekin jardungo du. Horrekin amaituko da kluben lehiaketa, eta larunbatean selekzioena hasiko da, eta hor ere Euskal Selekzioak izan ditzake dominak lortzeko aukerak, baina beti ere pisu txikietan.

Larunbateko saioetan, Euskal Herriko selekzioak gizonezkoen 700 kilokoan, gizonezkoen 580koan eta emakumezkoen 500 kilokoan parte hartuko du. Igandean, azken egunean, mutilen 640koa, nesken 580koa eta 600eko mistoan. Horiek izango dira Munduko Txapelketa honetan euskal tiralariek egin beharko dituztenak.

Euskal Herria bai selekzioen mailan, baita kluben mailan ere, beti egoten da faboritoen zerrendan, baina lur gainean talde gehiago ere izaten dira indar handia dutenak. Horrela, Ingalaterra, Ipar Irlanda, Irlanda, Suitza, Herbehereak eta Suedia bera agertzen dira. Herrialde askotan egiten da goi mailako sokatira eta horietako askoren helburua da Munduko Txapelketa irabaztea; beraz, euskal tiralariek dominaren bat eskuratuko balute, balentria handia egingo lukete, lehia handia izango baita.