GARA
GASTEIZ

Gasteizen atxilotutako sei ikasleak epaituko dituzte asteazkenean

EHUko Gasteizko campusean 2014an egindako protesta batean polizia agertutakoan gertatutako istiluen ondorioz atxilotu zituzten sei gazteak. Ertzaintzaren jarrera bortitza salatzen dute, baita EHUren salaketa publiko falta eza ere. Euren aldarrikapenei eutsiz, presoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea defendatzen jarraitzen dute.

2014ko martxoaren 19an Gasteizko EHUren campusean egin zuten protesta baten ondorioz atxilotu zituzten sei ikasleak asteazkenean epaituko dituzte. Bi eta hiru urteko kartzela zigorra eskatzen diete, baita 5.000 euroko zigorra ere.

Ohar baten bidez, ikasleek duela bi urte gertatu zena azaldu dute beste behin. Euskal preso politikoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea antolatu zuten Gasteizko campusean eta ikasle multzo bat elkartu zen. Protestaren une batean mural bat pintatzen hasi ziren eta orduan gerturatu zitzaizkien unibertsitateko segurtasun indarrak eta zenbait ertzain. «Ikasleetako bat bortxaz atxilotu zuten, lurrean gogor atxikita izan zutelarik», azaldu dute.

Orduan, ikasleek errepidea moztu zuten atxilotutako laguna «egoera duin batean jartzeko eskatuz». Ikaslea autoan sartu zutenean, gainontzekoak gerturatu egin ziren eta orduan hasi ziren poliziak beste ikasleak atxilotzen. Gazteetako bat gertatzen ari zena telefono mugikorrarekin grabatzen ari zelako atxilotu zuten. Mugikorra lurrera erori zitzaion eta berau jaso zuen gaztea ere atxilotu egin zuten. Beste gazte bati zauria egin zioten buruan eta aularioan hartu zuen babesa; bada, bertan zela iragarri zioten atxilotua zegoela, eta eraman egin zuten. Ondoren gainontzeko gazteak atxilotu zituzten. Ikasleek salatzen dutenez, poliziek mehatxu eta irain egin zieten bertaratuei.

Pertsonak garatzeko espazioa

Epaiketa dute aurrez aurre orain sei gazteek, eta, bertan, autoritatearen aurkako delitua, ordena publikoaren aurkako erasoa, eta, gazteetako baten kasuan, lesioak leporatzen dizkiete.

Hala ere, euren jarrera ez da aldatu eta 2014ko egun horretan eskatzen zuten berbera eskatzen jarraitzen dute. «Gure aldarrikapenean berresten gara. Euskal preso politikoek EHUn ikasteko duten eskubidea ozen aldarrikatu nahi dugu. Argi dugu eskubide urraketa hau dela epaiketa politiko honen oinarrian dagoena, aurrez ere agerian gelditu baita preso politiko euskaldunen eskubideak ukatzen dituztenek hauen aldeko aldarrikapenak ere nola kriminalizatzen dituzten», nabarmendu dute.

Zentzu horretan uste dute euren aurkako auzia presoen eskubideen aldeko lana zigortzeko «kate-begiaren jarraipena» baino ez dela. «Unibertsitatea pertsona bezala garatu eta herritar kritiko eta solidarioak sortzen laguntzeko espazio bezala ulertzen dugu, eztabaidarako eta ideia ezberdinen trukerako espazio bezala», nabarmendu dute sei gazteek. Horregatik salatu nahi dute «ikasleen mobilizazio eta protesten aurkako jazarpena» eta uste dute polizia eta segurtasun indar armatuek «unibertsitatetik kanpo» egon behar dutela.

Unibertsitateko zenbait langileren babesa jaso izan dute ikasleek, norbanako gisa, baina EHU, instituzio bezala, gertatutakoaren erantzule bezala ikusten dute ikasleen kontrako indarkeriaren aurrean jarrera garbi bat ez erakusteagatik. Horregatik, orain eskatzen diote «Ertzaintzaren muntaia publikoki salatzeko».

Bestalde, eskerrak eman dizkiete orain arte babesa eman dieten guztiei eta besarkada bat helarazi nahi izan diete sakabanatuta dauden presoei.