Maider IANTZI
PASAIA

Oiartzualdeko giza kate infinitua, ahalmenaren eta aniztasunaren isla

Azaroaren 6an, Estatutuaz Oiartzualdeko emakumeek lehen aldiz bozkatu ahal izan zutenetik 80 urte beteko direnean, Pasaiako badia osoa inguratuko dute herritarrek erabakitze eskubidearen alde. 8.888 lagun, eskuz esku; infinituaren zenbakia, halakoa delako erabakitzeko ahalmena eta eskualdearen aniztasuna.

2013an Gure Esku Dago sortu zenetik makina bat hauteskunde zita izan ditugu Euskal Herrian, hasi europarretatik eta Gasteizko Legebiltzarrekoetaraino. Baina aurki, irailaren 25ean bukatuko da ziklo hau eta 2019ko maiatzera arte eremu bat irekiko da hauteskunde lehiarik gabea. Hori da GEDren eremua: «Elkarlana, konplizitateak sortzea, zubiak eraikitzea, errezeloak gainditzea eta, azkenean, gizartea saretzea eskubidezko oinarri batekin».

Anjel Oiarbide dinamikako kideak esplikatu zuenez, ilusioz daude datozen bi urte eta erdian lan horretan sakontzeko. Horren adibide da Oiartzualdeak egin behar duen ariketa da.

Martxoaren 19an erabakitzeko eskubidea gauzatuko dute Oiartzualdeko herri guztietan. Bide horretan, giza kate erraldoi batekin inguratuko dute Pasaiako badia, hain zuzen eskualdeko emakumeek Estatutuaren inguruan lehen aldiz botoa eman ahal izan zutenetik 80 urte beteko diren egunean, azaroaren 6an. Baina, Imanol Esnaola Demoarso ekimeneko eledunak azpimarratu zuenez, memoria ariketa baino gehiago izanen da etorkizunari begirakoa, portua sartu eta ateratzeko atea baita.

«Hemendik abiatuko gara erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, duela 80 urte gehiengoaren bidez gure birraitona-birramonek eta aitona-amonek egin zuten gisan», adierazi zuen Pasai San Pedroko Torre Atzen (Donibanerako txalupa hartzen den tokian) egindako aurkezpenean.

Badia hau Euskal Herriaren atea ez ezik, Europarena eta Ozeano Atlantikoarena ere izan dela nabarmendu zuen: «Hemendik mundura joan da jendea, eta munduak ezagutu gaitu. Baionako eta Bilboko portuek bezala, sekulako garrantzia izan du. Azaroaren 6an ate horrek ekarri duen guztia jarri nahi dugu etorkizuneko proiektu baten ilusioa eragitearen alde. Oso inportantea da hori, ate honetan denok baikaude. Aniztasun horrek eraikiko du etorkizuna eta hori ezin da erabakitze eskubiderik gabe egin».

Erreferentziazko gonbidatuak

8.400 metroko giza katea osatzeko Pasai Donibane, Antxo, San Pedro, Trintxerpe, Errenteria, Oiartzun eta Lezoko herritar eta eragile guztiak deitu dituzte. «100 metroko zatiak jarri ditugu eta bakoitzak gonbidatu bat izango du. Zaletasun, jatorri, jarduera eta sentsibilitate guztietako jendea gonbidatzen saiatuko gara, eta azaroaren 6an oso argazki anitza eskainiko dugu, benetan eskualde hau den bezalakoa eta eskualde honentzat eta herri honentzat nahi dugun proiektua bezalakoa», nabarmendu zuen Esnaolak.

Ahalik eta dibertsitaterik handiena lotuz eta landuz osatuko dute, hortaz, katea. Kultur eta kirol ordezkariak erakarri nahi dituzte, bertze herrietatik datozenak, lanbide ezberdinetakoak. Inguruan sare sozial bat dutenak. Hala erabakitzea denoi dagokigula adieraziko dute, ez soilik sentsibilitate batzuei.

Gonbidatuek kutxa bat eramanen dute eskuz esku zati batetik bertzera. Kutxa bat Torre Atzetik abiatuko da, bertze bat Donibaneko plazatik, eta Errenteriako Zumardira ailegatuko dira. Mezu bat irakurriko dute han, kutxa horiek gordeko dutena, eta jaialdi bat eginen dute.

Martxoaren 19ko kontsulta herritarrek finantzatu behar dutenez, zapi bat jarriko dute salgai. Bakoitzak giza kateko zati bati egiten dio erreferentzia eta bost euro balio du.

Oiartzualdeaz gain, jada ehun herri daude erabakia gauzatzeko prest. «Voltairek esan zuenez, gaurtik jaiotzen da etorkizuna eta etorkizun hori eraikitzeko dago. Gutako bakoitza gara protagonista eta hori da GED egiten ari dena, geroa eskuekin hartzen», agertu zuen Oiarbidek.

«Lehen bi urteetan konplizitateak ehuntzen eta gizartea saretzen aritu ginen. Giza katea hori izan zen. Ondoren, kolore eta tamaina ezberdinetako oihalak elkarri josten aritu ginen erabakitzeko eskubidearen topagunea, hautetsontziak, eraikitzeko. Baina hauek ez dira dekoraziorako, baizik eta erabiltzeko, eta hori izan zen joan den ekainaren 5ean eman genuen saltoa». Orduan 34 herriri, 125.000 herritar baino gehiagori, aukera eman zioten topagune hori erabiltzeko. Eta ikasturte honetan aunitzez gehiago izanen dira hitzetatik ekintzetara igaroko direnak.