GARA
BARAKALDO

Zaintzaren duintasunaren alde agertu da Argitan

Argitan emakumeentzako aholku-etxeak babesa eta elkartasuna adierazi die greban dauden Bizkaiko egoitzetako langileei. Zaharren duintasuna bermatzeko, zaintzaileena ziurtatu behar dela defendatu dute.

Duela egun batzuk Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak egin zituen adierazpenei erantzunez –zaharren duintasuna grebaren gainetik zegoela azaldu zuen–, Argitan emakumeentzako aholku-etxeak argudiatu du duintasun hori bermatzeko erarik onenetako bat zaintzaileen baldintzen (lanekoak eta sozialak) duintasuna ziurtatzea dela. Gainera, oroitu du publikoa izan beharko lukeen zerbitzu bat –mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza, kasu– beren interes ekonomikoari begiratzen dioten enpresa pribatuen esku uztetik datozela arazoak.

Barakaldoko elkarteak Aldundiak iragarri duen mediku eta ikuskatzaile taldearen sorreraz ere eman du iritzia: «Greba bati itxaron behar izan diote horretarako? Espero dugu ikuskatze horiek langile bakoitzari (gehien-gehienak emakumeak oraindik) zenbat pertsona artatzea dagokion ere egiaztatzea, baita horrek dakarren lan karga eta datu horrek adinekoen duintasunean nola eragiten duen ere».

Erantsi du nahiago lukeela benetan egiaztatuko balute «zer ari den gertatzen zaintzaren arretarekin herri honetan, ez bakarrik egoitzetan, baita zaintza lanetarako langileak hartzen dituzten etxeetan ere; nola dauden milaka langile erabateko esplotazioan, lanegun amaigabeekin, gehiegizko lan kargarekin eta soldata miserableekin».

Argitanen iritziz, orain arte gauza hauek egiaztatu ez badira, elkarte, antolakunde eta sindikatuen hamaika salaketa eta eskariekin, «gai honetan inongo interesik eta borondate politikorik ez dagoelako da, nahiz eta orain asaldatuta agertu, justu langileek ‘aski da’ esan dutenean hainbeste injustiziaren aurrean. Pertsona zaharrak egon daitezkeen egoera txarraren arduradun langileak egiteko azala dute, gainera?».

Soluzioa, garbi

Ekintza Sozialeko diputatuak esandako hitzei –«familia inguruko zaintza sustatu beharreko ondasun soziala da»– ere erantzun die Argitanek, ea lan hauetaz arduratu behar dutenak beti emakumeak izan behar al diren galdetuz.

Azkenik, soluzio garbi bat jarri du mahai gainean: mendekotasun egoeran direnak artatzeko zerbitzu publikoak, behar guztiak ongi beteko dituztenak, baita langileen eskubideak ere.