Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Ez zara bakarra

Hamaika ikusteko jaioak gara, eta asko ariko dira horixe errepikatzen hedabideetan pil-pilean direnei begira. Adibidez, politikan, mota guztietako emozioak sorrarazteko gaitasuna duen arlo horretan, nork irudikatuko zuen PSOEren batzorde federal baterako segurtasun-indarrei deituko zietela. Nork pentsatuko zuen joan den irailaren 25eko gauean Otegiren EH Bilduk, azkenean, gehiengo osoa eragotziko ziola EAJri, PSE hondatu samarrarekin, eta orain jeltzaleak ezinbestean are ageriago geratuko direla, batik bat euskaldunon betiko zenbait konturi dagokienez, norekin gehitzen duten.

Politikatik at, edo ez horrenbeste, are txundigarriagoak askorentzat, eta hain zuzen horrexegatik beharrezko-beharrezkoak guztiontzat: nork sinetsiko zuen inoiz amatasunaz, hainbestek hainbeste alderditatik heltzen dioten horretaz, damuarekin lotuta hitz egingo zela, ama damutu zenbaiten testigantzak argitaratuko zirela, eta jendartean oraindik tabu dirudien horren gaineko eztabaida irekia eragin. Bejondeigula! Aringarria da emakumeontzat estu-estutik ukitzen gaituzten gauzez ezkutaketan ibili barik mintzatu ahal izatea; bururako osasungarria, beldurrik gabe adierazi ahal izatea eta beste batzuekin partekatzea barrua urratzen ari zaizun hori, amatasun santua bada ere. Batez ere, ez sentitzeko lotsatuta, edo pertsona txarra, ez sentitzeko bakarrik, sekula ez baitzara izaten bakarra. Ez zara bakarra, inondik ere, ez baldin baduzu ama izan nahi. Ez zara bakarra, ezta urrik eman ere, ama zeure kabuz izan nahi baldin baduzu. Ez zara bakarra, ez horixe, ama baldin bazara eta horrek ez bazaitu gogobetetzen. Ez zara bakarra, jakin ezazu behingoz, ama baldin bazara eta, zuzenean, damutu egiten bazaizu. Eta «normaltasunetik kanpoko» beste hainbeste sentimendu baldin badituzu ere, ez zara bakarra.

Zenbat buru, hainbat aburu; zenbat andrazko, hainbat izaera... egungo jendarte-egituraren sostengatzaile hertsiek bizpahiru baino ez marrazten eta, bazterkeria soziala baliatuz, inposatzen jarraitu arren. Jendarte-egitura honi eusteko, amaren irudia mitifikatzen segitu beharra dute, hori bai: ama emaztea, ama amultsua, ama zaindaria, ama beti besteen zerbitzura, ama esklaboa, finean. Berri ona da falazia hori guztia arrakalatzen hasia dela, erremediorik gabe, politikan bezala hainbeste tradizio eta tradizionalen antzera, eta dagoeneko beldurrik ez dugula, ez diegula, zer nolako emakumeak garen erakusteko.