J.L.
Nafarroakoa

Mieltxo Mindegiak aurreikuspenak bete eta aise egin du maila nagusirako bidea

Mieltxo Mindegiak irabazi zuen atzo Etxarri Aranatzen jokatu zen Nafarroako Bigarren Mailako finala. Zubietako aizkolaria jaun eta jabe izan zen, eta txapela lortzeaz gain, datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela ere eskuratu zuen. Berarekin batera, Etxeberria II.ak lortu zuen mailaz igotzea.

 Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebaki behar izan zituen. Mindegiak ia hasieratik hartu zuen aurrea. Hasieran Etxeberria eta Kañamares saiatu ziren berari eusten, baina behin Zubietakoak ihes egin zuenean, bigarren posturako geratu zen lehia polita, horrek ere saria baitzeukan, eta azkenean Etxeberriak lortu zuen hori. Asteburu bikaina izan da Sunbillakoarentzat. Herenegun Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela lortu zuen, eta atzo bigarren izan zen Nafarroako Bigarren Mailakoan.

Mindegiak 15 minutu eta 40 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko. Atzetik, Etxeberria II.a (17.08), Kañamares IV.a (17.15), Resano (18.24) eta Eneko Saralegi (18.35) sailkatu ziren. Mindegia anaiek irabazi dituzte aurten Nafarroako bigarren eta hirugarren mailetako txapelak. Atzo Mieltxok bigarrenekoa, eta abuztuan Patxik hirugarrenekoa eraman zuen.