I.S.
VIANA

Erentzun eta Ibaialde ikastoletako ikasle ohiak omendu dituzte

Ehunka lagun bildu ziren atzo eguerdian Erentzun ikastolan egindako omenaldian parte hartzeko. Izan ere, atzoko Nafarroa Oinez jaia baliatuta, Vianako ikastolak bere lehenengo promozioko ikasleak, 1994-1995 ikasturtekoak, omendu nahi izan zituen. Beren familiek ikastolako proiektuan konfiantza osoa jarri zuten, eta euskarazko hezkuntzaren aldeko apustu irmoa egin zuten.

Ibaialde Ikastolak, bere aldetik, aurten Lodosako ikastola uzten duen promozioa omendu zuen atzoko jaian: «Ikasturte berezi eta garrantzitsua bizi izan duen promozioa da, ikastolaren etorkizunaren sinboloa».

Nafarroako Ikastolen Elkarteak Euskal Idazleen Elkartea ere omendu zuen, euskara erabiliz euskal kulturaren transmisioan egindako ekarpena aitortuz. Bide horretan jarrai dezan eskatu zion eta ikastoletako haur eta gazteen sormenaren sustapenean, adimenaren garapenean eta kulturaren sakontzean egindako ekarpena goraipatu nahi izan zuen.

Atzoko ekitaldia aprobetxatuz, Txikiak Handi ekimenari ere eskaini zitzaion tartea. Munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatu eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako ekimenaren garrantzia azpimarratu zuen proiektuaren koordinatzaile Unai Arellanok.

Korsikako irakasleak

Aurten Korsikako irakasle talde batekin izandako hartu-emana eta Mediterraneoko irlan euren hizkuntza bultzatzeko egiten ari diren lana aipatu zituen. Bestalde, “Arraroa Noski” 1992ko Nafarroa Oinez jaiko kantaren bertsio berriaren bideoklipaz hitz egin zuen, bertan kitxua, korsikera, valentziera, kasubiera eta zeinu hizkuntza protagonista baitira.

Bastiako Rene Subissi eskolako ordezkariek, Nadia Lucettik eta Dominigue Delportok, ere hartu zuten hitza. Euren lanaren laburpen bat egin zuten eta “Arraroa Noski” bideoklipean parte hartu ahal izategatik eta Txikiak Handi manifestua sinatzeagatik harro agertu ziren.

Ekitaldiaren amaieran Nafarroa Oinez jaiaren lekuko aldaketa egin zen. Lesakako Tantirumairu ikastolako lehendakari eta zuzendariak hartu zuten lekukoa.