Martxelo DÍAZ
IRUÑEA

Nafarroako larrialdi zerbitzuen egoeraz ohartarazi du LABek

Nafarroako Larrialdi Agentzia (NLA) desagerrarazi zutenetik zerbitzuaren egoerak okerrera egin duela nabarmendu zuten atzo LABeko ordezkariek. «UPNk egoera larrian utzi gintuen», adierazi dute, eta horren ondorioz langileek zerbitzu egokia emateko esfortzu itzela egin dutela gaineratu zuten, baina Gobernuaren partetik «utzikeria eta inposizioa besterik» ez dutela jaso.

«Inposizioa diogu, bai, gaur egun eta urtea pasatu eta gero Gobernuak ez dielako gure zerbitzuaren benetako arazoei aurre egiten, erabakiak langileon iritzia eta esperientzia kontuan hartu gabe hartzen direlako eta ez dakigu nork, non, nola eta zergatik hartzen dituen ere», salatu zuten.

Horiek horrela, suhiltzaileen zerbitzuaren egoera larria dela adierazi zuten. Izan ere, 388 suhiltzaile behar badira Nafarroan, egun 320 daude eta neurririk hartzen ez bada bost urte barru 244 baino ez dira izango. Horren ondorioz, ez da suhiltzaile nahikorik gutxieneko zerbitzua bermatzeko, eta esate baterako, Iruñeko Zapateria kalean izandako sutean, beharrezkoa zena baino bi suhiltzaile gutxiago aritu ziren.

SOS Nafarroari dagokionez, LABeko ordezkariak langileek egindako kexekin bat etorri dira eta Babes Zibileko zuzendaria eta Barne Saileko zuzendari nagusia kargutik kentzeko eskatu zioten Maria Jose Beaumont kontseilariari. Bestalde, salatu zutenez, aurreko gobernuak utzitako egoera txarra konpondu ez eta gainera langileek esamesak pairatu behar dituzte. Tafallako suteaz, adibidez. UPNren joko politikoan kokatu zituzten halakoak.