Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Hil

Alaba amari galdezka. «Ilargia zergatik deitzen da horrela?». «Diote –amak– hilen argia dela. Bizidunek eguzkiaren argia dugun bezala, hildakoek beren argia dute. Gauez bizi omen dira hildakoak eta ilunpetan ez ibiltzeko ilargia dute lagun. Hortik omen dator ‘hila’ edo ‘hilabetea’ hitza. Aspaldian, egutegirik ez zutenean ilargi zaharraren edo betearen agerpena denbora kontatzeko erabiltzen zuten. Ilargi zaharra 28 egunetik behin betetzen da eta horrela kontatzen zituzten hilabeteak. Hildakoek ere horrela kontatuko dituzte igual, beren egutegia da». Alaba pentsakor gelditu da, amaren azalpenak gogoan. Beste galdera bat dauka. «Nire gelako Mirenek esan du bere ahizpak hilekoa izan duela, horrek esan nahi du hildako bat agertu zaiola?». Amak irribarre egin du. «Ene maitea, ez, ez du hori esan nahi, kontrakoa baizik. Hilekoak emakumeek bizia ekartzeko dugun ahalmena adierazten du. Ilargiarekin gertatzen den bezala, 28 egunetik behin odola isurtzen dugu alutik». «Odola!». «Lasai, ez da ezer txarrik, batzuetan nahikoa aldrebesten digu gorputza, baina ez da gaixorik gaudelako. Zuri ere tokatuko zaizu, eta gertatutakoan ez duzu larritu behar. Hara, badakizu nola deitzen dioten Galizian ilargiari? A lua». Alabak barre lotsatia egin du. «Beraientzat ilargia a lua da, eta guretzat alua ilargiarekin dago harremanetan. Ez al zaizu polita iruditzen?». «Ze gauza bitxiak kontatzen dituzun ama». «Ez al dizut inoiz kontatu emakumeek hilekoa ez zuteneko ipuina?». «Ez». «Ba, aspaldi zaharrean...».