Jon LEUNDA
errugbia

Avironek Clermont lider handiaren bisita jasoko du

Frantziarrak sekulako maila ematen ari dira eta puntuak egiteko gaitasunhandia dute. Norgehiagoka Jean Dauguer estadioan jokatuko da 20.45ean.

Baionako Avironek oso norgehiagoka zaila izango du, liderra, Clermont, izango baitu aurrean gaur, 20.45etik aurrera Jean Dauguer estadioan. Lapurtarrak oso bolada txarrean daude. Azken postuan daude, zortzi punturekin, eta bederatzira dute mailari eusteko txartela.

Gaizki, oso gaizki dago. Joko aldetik lehen zati itxurosoak egiten ditu, baina bigarren zatian behera egiten du. Ustez, Baionan oso indartsuak izan beharko lukete zuri-urdinek, eta hasi horrela egin ziren, baina orain hor ere garaipenak lortu ezinik dabiltza.

Beste aldeko muturrean dago Clermont. Frantziarrek 36 puntu dituzte, eta hamar partidatik norgehiagoka bakarra galdu dute; horrek erakusten du zer nolako indarra daukaten. Puntuak egiteko ere sekulako abilezia dauka talde honek, eta besteen aldean puntu asko lortu ditu. Denera 313 puntu egin ditu, eta Avironek, aldiz, 145, Clermontek egin dituenen erdiak baino gutxiago. Beraz, Avironek oso norgehiagoka gaiztoa dauka, baina irabazteko ere oso ona da, garaipena lortzeak puntuez gain, sekulako indarra emango liokeelako Avironi.

Ohorezko Maila

Ohorezko Mailan bi derbi jokatuko dira. Bata gaur izango da Gernikan, Urbietan. Bertan Bizkaia Gernika eta Ampo Ordizia lehiatuko dira, 16.00etan. Bizkaitarrak zortzigarren daude, eta postu bat gorago, berriz, gipuzkoarrak. Azken hauek lau puntu ateratzen dizkiete berde-beltzei. Beste derbia bihar jokatuko da Landaren, Hernanin, 12.00etan, bertako taldearen eta Getxo Artearen artean. Azken-aurreko postuan daude hernaniarrak, 6 punturekin, eta bi  gorago Getxo, 8 punturekin.