GARA
DONOSTIA

Demokrazia zuzena aztergai eta eztabaidagai, Donostian

Atzo hasi eta larunbata arte, Demokrazia Zuzen Modernoari buruzko Munduko Foroa egiten ari dira Donostian, nazioarteko aditu ugari bertan dela. Baina saioak abiatu aurretik polemika piztu da ekimenaren inguruan, hainbat taldek (Metroaren aurkakoa eta erraustegiaren kontrakoa besteak beste) agerian utzi dutelako egungo Udalaren jarrera ez dela batere eredugarria. Zenbait parte-hartzaile beraiekin solasean aritu ziren, kalean eginiko protestan.

Atzoko harrera ekitaldiaren ostean, gaur, 09.00etatik aurrera, Miramar jauregiak hartuko ditu hemengo eta hango adituak, demokrazia zuzenaren inguruko esperientziak eta hausnarketak trukatzeko. Donostia 2016 ekimenaren barruan txertatzen da foro hau, eta egun hauetan Europako kultur hiriburua izateaz gain Donostia «demokraziaren munduko hiriburua» bilakatuko dela dio egitarauak.

Eneko Goia alkateak hartu zuen hitza atzokoan eta berau izango da gaur bilkura aurkeztuko duena, munduko beste zenbait alkaterekin batera. Jarraian, 10.00etan lehenengo mahai-ingurua abiatuko da, “Demokrazia zuzen modernoa zer, zertarako eta nola?” lelopean. Tokian tokiko adibideak, gizarte mugimenduen funtzioa, tresna digitalen garrantzia edota erabakitzeko eskubidea bera aztertuko dituzte hurrengo egunotan eta larunbatean adierazpena jakinaraziko dute.

Baina Donostiako eta Euskal Herri mailako hainbat talde ez datoz bat Udalak zabaldutako irudiarekin, bere buruari «demokraziaren munduko hiriburua» deitzea «lotsarik gabekoa» iruditzen zaielako. «Ez gaude prest Donostian herritarren parte-hartzea eredugarria dela onartzeko», salatu dute batera.

Elkarretaratzea egin zuten horretarako Donostiako udaletxearen aurrean, foro honen irekiera saioa hasi aurretik. Bertan ziren EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi udal taldeko ordezkariak (azken hauek Anoeta Kiroldegiaren Administrazio Kontseilutik kanporatuak izan berri direla salatuz); Satorralaia mugimendukoak, Donostiako Metroaren egitasmoan parte hartzeko aukerarik ez dela eta erakundeek herritarren artean galdeketa egiteko «inongo borondaterik» ez dutela nabarmenduz; erraustegiaren aurkako lagunak, proiektu hau «gipuzkoarron osasunerako kaltegarria dela eta dirutza handia kostatzeaz gain, Foru Aldundiak gizarteari inolako kontsultarik egin gabe aurrera eraman nahi duela» nabarmenduz; edota Donostiako Kaleratzeak Stop plataformakoak, etxebizitzen eta higiezinen espekulazioa salatuz eta hiria «berriro ere Estatu osoan alokairu garestienak dituena» bilakatu dela agerian utziz.

Eleak-Libre ekimenak ere bat egin zuen protestarekin, Udala Mozal Legea aplikatzen ari dela ohartaraziz. LAB sindikatuak salatu zuenez, Donostia ez da demokraziaren hiriburua «prekaritatearen hiriburua» baino. SOS Miracruz 19 izeneko taldea ere bertaratu zen, eraikin hori «ez botatzeko» aldarrikapena berretsiz. Denen mezua: «Demokraziaren hiriburua? A ze kopeta!»

Horien aldarrikapenak ezagutzera hurbildu zen udaletxeko ekitaldi ofizialera iristen ari ziren aditu eta parte-hartzaile ugari, eta protestan ari zirenek ingelesez, frantsesez edota alemanez azaldu zieten Donostian demokrazia zuzena garatzeko dauden oztopo eta gabeziak. Harridura aurpegia erakusten zuen foro honetara gonbidatutako batek baino gehiagok.