GARA
ZIZURKIL

Emakume baserritarren jaia hartuko du Zizurkilek igandean

Emakume Baserritarren Elkarteak (EBEL) 25 urte beteko ditu aurten jo eta su langile hauen eskubideen aldeko borrokan, eta mende laurdena merezi duen moduan ospatzeko jaia antolatu du. Igande honetan izango da, Zizurkil Goian. Ekitaldia, emakumeen giza proba erakustaldia, herri kirolak, sari banaketa eta bazkaria egingo dituzte.

EBEL Emakume Baserritarren Elkarteak mende laurdena beteko du aurten. «1991tik hamaika lan, hamaika topaketa eta hamaika negoziaketa egin behar izan ditugu elkarteko kideok, eta hamaika fruitu ere jaso ditugu», nabarmendu zuten atzo Donostian egindako agerraldian.

Zeregin ugaritan jardun dute, hala nola kotizazio duin baterako defentsa eta aholkularitzan, baserrietan norberak bere lekua izatearen ahalduntzean eta erantzunkidetasunean eta erabakiguneetan, poliki bada ere, parte hartzea aktibatzen.

Jendarteko gainerako sektoreetako eragileekin elkarlanean ere aritu dira EBELeko lagunak eta hala hamaika zirrikitu arakatu eta beste hainbeste abentura bizi izan dituzte. «Horietan guztietan dagokigun eta berezko zaigun indarrez ibili gara eta gaur egun ere gai hauetan eta beste hainbatetan gogoz dihardugu», adierazi zuten.

«Baina borroka egiteaz gain, festak antolatzen ere badakigu EBELekook eta mende laurdena betetzea ez da urteroko kontua!». Horregatik, igande honetarako, Zizurkil Goian jaia prestatu dute.

Eurekin batera mende laurden hori ospatu nahi duten lagun guztiak gonbidatu dituzte, ederki pasatzeko moduko egitarau bat eskainiz.

Egitaraua

Goizean hasiko da ospakizuna. 10.00etatik 11.00etara ekitaldia egingo dute udaletxean. Eta ondotik, 11.00etatik 12.00etara Astigarragako emakumeen giza proba erakustaldia izango da plazan.

Jarraian, herri kirolez gozatzeko aukera izango da 13.30 arte. Ordu horretan sariak banatuko dituzte eta, ospakizuna behar bezala biribiltzeko, herri bazkaria izango da 14.30ean hasita. Hortik aurrera norberaren esku izango da jaia luzatzea. Girorik ez da faltako.