GARA
NEW YORK

Japoniako lehen ministroak dio Trump fidatzeko modukoa dela

Donald Trump AEBetako presidente hautetsiak Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa hartu zuen ostegun iluntzean New Yorken. «Gaur hitz egin dugunaren arabera, Donald Trump fidatzeko moduko buruzagia dela sinetsita nago», adierazi zien kazetariei japoniarrak. AEBetako presidente berriak hartu duen lehen agintaria izan da Abe. Nabarmentzekoa da Ivanka Trump dirudunaren alaba eta honen senarra ere japoniarrarekin egindako bileran izan zirela.

Manhattan auzoko Trump Dorrean hartu zuen presidente hautetsiak japoniarra, leku hori bere egoitza nagusi bihurtu baitu Etxe Zurira joan arte. Bertan egiten ditu Gobernu berria osatzeko bilerak ere.

Shinzo Abek adierazi zuen bilera oso giro beroan egin zutela. «Oso elkarrizketa irekia izateko aukera izan dugu, tarte luze batez», kontatu zuen lehen ministroak bilera amaitutakoan.

AEBetara eraman zuen hegazkinera igo aurretik, Shinzo Abek nabarmendu zuen «oso ohoratuta» sentitzen zela munduko potentzia nagusiko hurrengo presidentearekin bilera bat egiten munduko lehen agintaria izan delako.

Agintarien arteko konfiantzaren garrantzia behar-beharrezkotzat jo zuen lehen ministroak: «Japoniaren eta AEBen arteko aliantza gure herrialdearen segurtasunaren eta diplomaziaren giltzarri da. Ondo funtzionatuko du, konfiantzari eusteko gauza bagara».

Konfiantza hori alferrik galtzeko zorian egon daiteke, ordea, Donald Trumpek kanpainan zehar adierazi baitzuen AEBek Hego Korean eta Japonian dituzten tropak ateratzeko prest dagoela, herrialde horiek mahaiaren gainean askoz ere diru gehiago jarri ezean.

Konfiantzari eusteko beste proba zail bat izan daiteke TPP izeneko Ozeano Bareko herrialdeen arteko merkataritza librerako hitzarmena, Washingtonek oraindik baieztatu ez duena. Tokiok ezinbestekotzat jotzen du, Txinari aurre egin ahal izateko.

Ivanka Trump presidente hautetsiaren alaba ere izan zen bi agintarien arteko bileran, aitaren erabakietan familiak sekulako eragina duela aditzera emateko. Bileran egindako argazkietan modelo ohia eta enpresaria Shinzo Aberekin hizketan ageri da, ondoan Jared Kushner senarra duela, bera ere higiezinen sektoreko enpresaria. Trump Dorreko areto arranditsu batean egin zuten bilera.

Alaba eta suhia

Ivanka Trump eta Jared Kushner adin berekoak dira (35 urte). Hedabideek diote presidente hautetsiak dituen aholkulari garrantzitsuenen artean daudela alaba eta suhia.

Hauteskundeak irabazi zituenetik hamar egun pasatu direnean, Donald Trumpek bere Gobernua osatzen jarraitzen du. Atzo jakinarazi zuen Jeff Sessions senatari kontserbadorea izango dela fiskal nagusia (Justizia ministroaren parekoa), Michael Flynn jeneral erretiratua segurtasun nazionaleko aholkulari izendatu duela eta Mike Pompeo parlamentaria CIA Inteligentzia Agentzia Zentrala zuzentzeko hautatu duela.

Aipatu hiru politikariek baietz esan diote hautetsiaren proposamenari, eta ordezkari demokratek beren haserrea adierazi dute, hiru izendatuak Alderdi Errepublikanoko adar fanatikoenekoak direlakoan.

«Gogo handiz hartu ditut Trumpen Estatu Batuak herrialde bakarra direla dioen ikuspegia eta legearen aurrean guztiok berdinak garela defenditzeko konpromisoa», adierazi zuen 69 urte dituen Sessionsek.

Bera da paperik gabeko etorkinen inguruan jarrerarik zorrotzena duen politikarietako bat, hau da, Trumpek kanpainan agindutako gauza garrantzitsuenetako bat bideratu behar duena. Berak emango dio hautetsiari falta zaion esperientzia politikoa. 1980ko hamarkadan oso adierazpen arrazistak egin zituela gogorarazi dute demokratek.