Jaime VALVERDE
ANTZERKIA

Memoria, trauma eta antzerkia

L ertedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain taldeen hirugarren elkarlanak frankismoa du mintzagai. Haatik, iraganaren presentzia obran erabatekoa izanik ere, orainaldian jartzen da fokua eta bertan garatzen da ekintza. Izan ere, antzezlanak Estatu espainiarreko tradizio faxistak gurean eragin zuen eta eragiten duen oinazearen testigantza eman nahi du.

Ospitale bat aukeratu da metafora moduan –tarteka eroetxea badirudi ere–, non mediku zein gaixoek aztarna fisiko eta psikologikoak pairatzen dituzten. Ikuspegi zabal eta anitza erakutsi nahi izan dute auziaz, asko baitira ukitzen diren gaiak: fusilatuak, haur lapurtuak, euskararen debekua, torturak, emakumeen zapalketa... Ez alferrik, ikerketa sakona dago sorkuntzaren azpian –eta merezi du obraren web orrian horri eskaintzen zaion atala begiratzea–. Informazio guztiari –ospitaleen egoerari buruzko zenbait kontu barne– antzezlan forma emateko estruktura dramatiko konplexua eraiki behar izan dute. Bospasei ildo narratibo aurkezten dira, lehena eta oraina lotzen dituzten pertsonaia askoren bidez. Talde lan zoragarria egiten dute guzti-guztiek, bizitasun handiko momentuak une hunkigarriekin tartekatuz eta trebetasun dramatiko ikaragarria erakutsiz. Istorioak, eszenak eta erritmo narratiboa maisuki eramanak dira, pertsonaia bakoitzaren mamuak sotiltasunez deskubriarazten direlarik.

Hala ere, uste dut emandako informazioa gehiegizkoa suerta daitekeela tarteka eta istorio bakoitza sakonki garatzea traba dezakeela. Baina, aldi berean, dimentsio itzel hori dugu obraren dohain handiena –elkarlanotan jada ohikoa den maila tekniko bikainarekin batera–, Gerra Zibilaren eta faxismoaren gaineko collage biziki aberatsa ematen baitu, nire ustez parekorik gabekoa euskal antzerkian.

Dimentsio handi horrek –kalitatean eta edukian– herri mailako gertakaria bihurtzen du antzezlana. Gurean arrastoa utziko duelakoan nago, besteak beste, jorratzen dituen trauma guztien katarsi kolektiboa egiteko beta ematen duelako. Antzezlan hau gure memoria bizia da, teatroak bakarrik gorpuztu dezakeen bezala gorpuztua.