GARA
GETXO

Astiberriren 15 urteko ibilbidea erakusgai Getxon

Getxoko Komiki Azoka dela eta, Astiberri euskal argitaletxearen erakusketa ikusgai dago Bizkaia zubian abenduaren 11ra arte. “Astiberri: 15 años en portada(s)” izeneko erakustaldi horretan, zaleek orain dela hamabost urte abiatu zen Bilboko argitaletxearen lana ikusteko aukera dute.

Astiberriren jarduera 2001. urtean hasi zen eta, ordutik hona, literaturgintzan ospe handia duten egileen obrak argitaratzen ditu. Helduentzako gaiak tartekatzen dituzten zenbait lan eleberri grafikoaren formatuan plazaratu ditu, irakurleen jakin-mina piztuz; umeen edo superheroien ohiko komikietatik aldenduta dauden lanak dira eta orrialde-kopuru handia dutenak, hala nola, Craig Thomsonen “Blankets” edo Frederik Peetersen “Pilula urdinak” bezalakoak.

Getxoko Komiki Azokaren baitan, zaleek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte Astiberrin lanak argitaratu dituzten zenbait egile.

Argitaletxeak 500 izenburutik gora dituen katalogoa ondu du bere bidean. Bere urteko uztaren %50 Estatuko komikigintzara bideratua badu ere, euskaraz eta katalanez ere argitaratzen ditu hainbat lan. Hamabost urteko ibilbidean hainbat sari jaso ditu argitaletxe bilbotarrak.