GARA
BILBO

Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen bateratua adostu dute

Lakuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, Eudelek eta Uemak Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala adostu dute lehen aldiz. “Zer egin dezaket nik euskararen alde?” leloaren bitartez, bakoitzak egin dezakeen ekarpena aktibatzeko deia egin nahi dute.

Adierazpenak 500 norbanako, elkarte, gizarte-eragile eta erakunderen babesa jaso du, Lakuak atzo jakinarazi zuenez. Bilboko Guggenheim Museoan egin zuten aurkezpena, bertan egingo dute-eta Hizkuntza Politika Gaietarako Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordea (Hakoba) osatzen duten erakundeetako ordezkariek abenduaren 3ko ekitaldi nagusia.

Patxi Baztarrika EAEko Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu zuenez, aurtengoa da lehen aldia herri-erakunde guztiek Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala elkarrekin egiten dutena. Leloaren inguruan «galdera aktibo eta aktibatzailea» dela azaldu zuen.