GARA
DONOSTIA

Euskara lan munduan zabaltzeko egitasmo berria

Urola Kostako enpresa batzuetan abiaraziko dute egitasmoa urtarriletik aurrera. ELA eta LAB sindikatuetako militanteak diren langileak lan mundua euskalduntzearen alde arituko dira lanean, ondoren lortutakoa herritarrei eta eragileei zabaltzeko asmoz. Lakuak igorritako adierazpenarekin zergatik ez duten bat egiten ere azaldu dute. Euren ustez, herri ekimenak eta erakundeak parean jartzen ditu, lehenek euskararen alde gehiago egin badute ere.

Euskararen Nazioarteko Eguna izango da larunbatean eta horren harira ELA eta LAB sindikatuek egitasmo bat jarri dute martxan, lan mundua euskalduntzeko intentzioarekin. «Euskararen Eguna gure hizkuntzaz, euskaraz, harro egoteko eguna da; euskarak gure bizitzetan duen tokiari erreparatzeko eguna; atzera begiratu eta euskararen normalizazioak egindako ibilbideaz gogoetatzeko eguna; eta baita ere aurrera begiratu eta erronka berrien aurrean, konpromiso berriak hartzeko eguna», adierazi zuten.

Hala, euskararen normalizazioarekiko duten konpromisoan aurrerapausoak emanez, egitasmo bat aurkeztu zuten atzo. Bertan, langileak izango dira protagonistak eta eragile aktiboak. Bestalde, hizkuntza eskubideak lan eskubideen baitan ulertzen dituztenez, Ekintza Sindikalaren bidez eragingo dute. Euskararen normalizazio konpromisoa langile guztiengana zabalduko dute, nahi duen orok euskalduntzearen aldeko jarrera har dezan. Horrekin lotuta, «euskalduntze integrala» dute helburu. Azkenik, euskararen aldeko sustapena egingo dute, ezagutzaren eta erabileraren arteko jauzia egiteko.

Lakuaren proposamena

Sindikatuek Hakoba-ren (Hizkuntza Politika gaietarako Herri Aginteen arteko Koordinazio Batzordea) gonbita jaso zuten euren adierazpenari atxikimendua emateko, baina beraiek uste dute «euskarak konpromisoak behar dituela».

Sindikatuek azaldu zuten LanHitz akordioa «apurtu eta Eusko Jaurlaritzak diru laguntzen kudeaketa hutsera mugatu zuenetik» ez dutela inolako hartu-emanik Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin. Horregatik, ez diote zentzurik ikusten Lakuak bidalitako adierazpen horrekin bat egiteari.

Adierazpen horrek konpromiso indibidualak sustatzen ditu, Herri Aginteen eta Lakuako gobernuaren erantzukizun maila berean jarriz. Baina sindikatuek uste dute euskararen normalizazioan pauso gehiago eman dituztela herri ekimen zein langileek instituzioek baino.

Kontraz, sindikatuek proposatutako egitasmoan langileak izango dira ardatzean, eta ez erakundeak. Urola Kostan jarriko dute abian lehenik (10-15 enpresetan), 2017ko urtarriletik aurrera, ondo badoa, zabaldu ahal izateko. Formazio tailerra, enpresaren diagnosia, lehentasunak identifikatzea eta lan mundua euskalduntzeko ekintza sindikala martxan jarriko dute.

ELAko eta LABeko militanteak Euskara Erakundeen Gizarte Kontseiluarekin arituko dira lanean, eta lan mundua euskalduntzeko nahia eta aldarria herritar eta eragileekin partekatuko dute.

Donostiaren bilakaera soziolinguistikoa, 250 urtetan

Euskaltzaindiak “Donostia eta Europako hizkuntzak perspektiba soziohistorikoan” jardunaldia antolatuko du abenduaren 20an, Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzaren egitasmoaren baitan. Luis Villasante ikergunean izango da mintegia eta bertan, besteak beste, euskarak eta erdarek azken 250 urteetan Donostian izandako bilakaera soziolinguistikoa aztertuko dute.

Egun bakarreko mintegia izango da, 09.45ean hasiko da eta Euskararen Historia Soziala (EHS) proiektuaren oinarri teoriko-metodologiko berritzailea erabiliko dute hitzaldietan. Lehenik, EHSren ikertzailea den Lionel Jolyk metodologia aurkeztuko du, eta Mikel Zalbide proiektuko zuzendariak Europako hizkuntzek Donostiako historian izan duten tokia azalduko du. Horren atzetik etorriko dira XVIII. mendeko egoeraren azterketa, Donostiako XXI. mendeko egoerari errepasoa edota azken urteetako bilakaera soziolinguistikoa. Mintegi honi esker EHS metodologia zertan datzan ikasi ahal izango dugu, Donostiaren historiarekin bateratuz. GARA