Ariane KAMIO
DONOSTIA

Hizkuntza eta izana galtzea

Xabier Etxaniz Rojok eleberri luzeari heldu dio «Waterloo-n galdutakoak» lanarekin. Hizkuntza eta gaixotasuna nahasten dituen kontakizuna ondu du, AEKren bueltan eraikitako nobelan. Bakarne eta Mikel bikotea ditu protagonista, eta iktus bat tartekatuko zaie bidean.

Ipuingintzaren alorra maiz jorratu du Xabier Etxaniz Rojok (Trintxerpe, 1971) bere literatur ibilbidean. Hamasei urte pasatu dira bere lehenengo lana kaleratu zuenetik –“Begiak itxi eta kitto”–, bost ipuin bilduma orotara, eta orain eleberrirako jauzia egin du “Waterloo-n galdutakoak” (Erein) nobelarekin.

Bakarne eta Mikel bikotea ditu protagonista. Lehenengoa euskaldun berria da, valentziarra, nerabezaroan Euskal Herriratua. Bigarrena, AEKn Bakarneren irakasle izandakoa, eta era berean haren bikotea. Iktus batek beraien bidea laztuko du, ordea. Bakarnek bizitza berri bati ekin beharko dio eta gaixotasunaren eragina izango da kontakizunaren muin nagusia.

Hiru planotan osatu du eleberria Etxaniz Rojok. Gaur egun bi protagonistek bizi duten egoera, batetik, iraganean bakoitzak bizitakoak bestetik, eta Mikelen koadernoa azkenik, non berak gaixotasuna nola bizi duen agertzen baita.

AEK

Azken hogeita hiru urteetan AEK-ko irakasle da Etxaniz Rojo eta giro horren bueltan eraiki du bere eleberria. Euskararen afera, Korrika, euskaldun berriak... Eta istorioaren iturburua ere benetako gertakizun batean oinarritzen da, bere lagun baten lankidearen bikoteari gertatutakoa. Etxaniz Rojo pare bat aldiz elkarrizketatu zen berarekin eta bere logopedarekin ere harremana izan zuen iktusaren inguruko informazioa eskuratze aldera.

Idazleak ukatu egiten du medikuntzari buruzko liburu bat denik, berak afasiari –burmuinean gertatutako traumatismo baten ondoren hizkuntza galtzea– heldu dio iktusaren ondorio nagusi gisa. «Hizkuntza galtzearekin batera izana ere galtzen du Bakarnek. Niri hori gertatuko balitzait pasatuko nintzateke Xabier izatetik Francisco Javier izatera, amak deitzen zidan bezala. Bakarneri gauza bera pasatzen zaio», aipatu zuen idazleak atzo.

Hartara, gerra eremu psikologiko batean kokatu du pertsonaia nagusia, baita Mikel bera ere. «Bakarnek uste du iktusak milioika neurona hil dizkiola eta jarri duela berea ez den gerra batean. Hortik ihes egin nahi du. Mikel ere galduta sentitzen da, iraganean bere ez zen gerra batean ere parte hartu baitzuen».

Etxaniz Rojo aitortu du bere eremu naturala ipuingintzarena dela, baina eraldaketarik ere nabari du bere idazkeran. «Lehen hamar bat ipuinetako bildumak idazten nituen, azkenaldian, agian laukoak soilik. Luzeagoa da idazten dudana», nabarmendu zuen bere burua «udako idazletzat» duen sortzaile trintxerpearrak.