GARA
BILBO

IAk ezinbestekotzat jotzen du hezkuntza ereduaren gaineko eztabaidari ekitea

Ikasle Abertzaleek prentsaurrekoa eman zuten atzo Leioako campusean, iragan astean EHUko hauteskundeen karietara izandako manifestazioan jazotakoei buruzko balorazioa egiteko. Hala, «komunikabideek eta indar errepresiboek» beraien «benetako mezua ezkutatu» dutela salatu zuten.

Edonola ere, ikasleek «Hezkuntza Sistema Propio bat eraikitzeko konpromisoa» dutela berretsi zuten, eta, bide horretan «herri mugimendu osoaren inplikazioa» beharrezkotzat jotzen duten arren, hezkuntza komunitateak esparru horretan «erantzukizun handiagoa» duela nabarmendu zuten, bai «eztabaida garatzen», baita eztabaida hori «praktikoki gauzatzen» ere. Horiek hala, IAk ezinbestekotzat ikusten du «Euskal Herriko langile klasearen beharrizanei erantzungo dien hezkuntza ereduaren gaineko eztabaida integral bati ekitea», eta horretan ikasle, irakasle eta gurasoek parte hartzea. Horrez gain, iragarri zuten heldu diren hilabeteetan hainbat ekimen egingo dituztela «Herri Eraikuntzari» euren ekarpena egiteko xedearekin.