Andoni ARABAOLAZA
Sariak

Errusiako Urrezko Pioleta Thalay Sagar-eko hirukotearentzat izan da

Bigarren urtez jarraian, Sergey Nilov, Dmitry Grigorirev eta Dmitry Golovchenkok osatutako sokadak sari preziatu hori irabazi du. Hain zuzen ere, Thalay Sagar mendiaren ipar zutoinean zabaldutako bideagatik.

Nahiz eta mundu mailan lehen lerroko alpinistak izan, Sergey Nilov, Dmitry Grigorirev eta Dmitry Golovchenko errusiarrak ez dira oso ezagunak. Bueno, agian zehaztu genezake Europako mendebaldeko zein AEBetako alpinisten komunitatearentzat eta hedabide espezializatuentzat ezetz.

Bada, hirukote horrek, bigarren urtez jarraian, Errusiako Urrezko Pioleta lortu du; hain zuzen ere, Thalay Sagar mendiaren (6.904 m, Indiako Himalaia) ipar zutoinean zabaldutako bideagatik. Duela hiru aste, lerrootan horren berri eman genuen. Baita aipatu ere alpinistok “Moveable feast” bidea (1.400 m, 6B errusiar eskalan, ED2) sortu zutela. Bide oso zuzena eta gogorra (M7, WI5, 5c, A3) estilo arinean eskalatu zuten.

Hori da, beraz, hirukote horrek aurten egin duen jarduera ikusgarria. Baina gehitu behar dugu ere, Nilovek eta Golovchenkok hirugarren urrezko piolet bat ere badutela; duela hiru urte eskuratutakoa.

Aurtengo errusiar sari nagusi hori argitzeko epaimahaiak ez du batere erraza izan; izan ere, esku artean goi mailako beste lau eskalada zituen: Kyzil Asker, Chon-Tor, Great Wall of China eta Khan Tengrin eginikoak.

Fedme-koak

Bien bitartean, Fedmek edo Espainiako Mendiko Kirol eta Eskalada Federazioak ere bere sarien berri eman du. Errusiakoak, Asiakoak edo Frantziakoak ez bezala, Fedmek ez du urrezko pioletik banatzen. Horren ordez, hainbat kategoriatan sailkatuta urteko jarduera onenei sariak ematen dizkie. Beraz, besteak beste, alpinismoa, eskalada eta himalaismoa bezalako jarduerak aitortzen ditu.

Aurtengo ekitaldiak gorabehera bat izan du; hain zuzen, Europatik kanpo egiten den alpinismoko jarduera bat dela-eta. Epaimahaiak Oriol Baro, Roger Cararach eta Santi Padros kategoria horretako irabazle izendatu zituen Solokhumbun (Nepal) eginiko eskaladengatik.

Irabazi bai, baina Fedmek hirukote horri saria kendu dio bi jarduera horiek baimenik gabe egin zirelako: «irregulartasun administratiboengatik». Bai, mendi federazioko sarien oinarrietan dio federatuta egotea eta behar diren baimenak lortzea beharrezkoa dela. Eta uler liteke hirukote “garaile” horrek pirata modura jardun zuela.

Zeharka izan bada ere, saria “Incognita Patagonia” espedizioarentzat izan da. Taldekideen artean bi euskal ordezkari daude: Eñaut Izagirre eta Ibai Rico.