Maider IANTZI
BILBO

Mila istoriotara eskutik eraman dute entzulea zortziek saio fresko batean

Bero, animo handiz, hunkigarri hasi da finala Bilbao Arenan. Ederra dago Miribilla, bere koloretako aulkiak bertsozalez beteta. Milaka lagun hauek ederki aupatu dute zortzikotea hain berezia izan ohi den oholtzarako pasilloan.

Eta, berehala, mila istoriotan sartu gaituzte bertsolariek hitzen magiaz. Hirugarren egin duen Jone Uriak kasu, goizaldean etxera bidean nahi gabe aurretik oinez doan neska izutzen duen gizonaren ezinegona deskribatuz. Bakarkako bigarren bertsoa da hau: «Hiru farola eskasekin kalean ez dago giro/ eta nola ez sentitu neskak hainbeste bertigo/ hau pasa behar ote du etxera doan aldiro/ ez dakit zer egin martxa bajatu edota igo/ beldurtzeko nahiz badaukan berez nahikoa motibo/ hiru aldiz begiratu nau ta laugarrenez berriro/ ta ni epaituz bezala begiekin egin tiro/ ta ez dakit nola esan ez dizut ezer egingo».

Aurrenekoa izan da laugarren postua lortu duen Onintza Enbeita, bertsozaleen maitasuna jasoz, taula zapaldu eta agurra kantatzen. Seigarren finala izanagatik, malkoek ihes egin diote ia lehen bertsotik. Hunkituta sumatu dugu hagitz. Xabat Galletebeitia txapeldunordearekin batera ederki osatu du zortziko nagusiko ariketa. Boluntarioak dira biak. 1936ko Gerran hildakoen aztarna bila indusketa lanetan dabiltzala, familia baten hezurrak topatu dituzte. Lekeitiarrak «nahi zuten baina lurrak ezin du oroitzapenik estali» abestu duenean, autokritika eginez erantzun dio muxikarrak: «Ba ni ez nago horren seguru gauzak holan esateko/ oroimenari lekua egin izan bageuntza hobeto/ konbertsaziño danetan dagoz Siria edo Alepo/ ta beti ez gara kapazak izan etxekoa ikusteko».

Ia negarrez josi du hurrengo bertsoa: «Lurrez beteta daukaguz hemen zapatak eta eskua/ hazurrak topau ala urdaila daukat Xabat estua/ ez da helduko gureganaino gure bake amestua/ hazur bakotxak euki artean toketan jakon lekua».

Gai gogorra egokitu zaio Etxahun Lekue txapeldunari ere. Beren ama aspaldi urrundu zen familiarengandik eta orain hil egin dela jakin dute. Hala bukatu du: «Ta umetako duda berbera etorri jat neurekiko/ orain badakit erantzuna inoz be ez dala etorriko/ beste galderak dodaz gaurkoa non ete zan ibiliko/ ta zelan ete zan hilko/ ta zelan berak egin ebana ez dodan bape begiko/ seguru dakit maite dodazan pertsona danak betiko/ ez dodazala itxiko».

Zortzikotea freskoa zen: parekidea, lau emakume eta lau gizonez osatua, odol gaztearekin eta txapeldun berriarekin... eta ezaugarri hori izan du saioak. Ezustekoz betea egon da. Doinu batzuek sabela ziztatu digute zuzen-zuzen, bertzeek irri algara bat atera. Bihotza utzi baitute zortziek kantuan.

Hori izan daiteke sekulakoa egin duen Xabat Galletebeitia txapeldunordearen sekretua. Lehendabiziko operazioa gaizki joan zaion zirujauaren azalean sartu, eta segundoz segundo, intriga emanez, kirofanoa eta ospitaleko pasilloak irudika ditzagun lortu du. Hona hirugarren bertsoa: «Imajina senideei azaltzea panorama/ hilotza logelan eta malko artean ze drama/ gaurkoan nire kideak doazenez haiengana/ alde horretatik lasai egingo dut nire lana/ gaurkoan ezin izan da baina ez da amaitzen dana/ aurrera jarraituko dut burutzeko nire plana/ bihotzez naiz medikua ta hauxe da maite dudana».

Odol berria bor-bor

Bosgarren postua lortu du Ibon Ajuriagojeaskoak, denboraldi bat txapelketetatik kanpo ibili ondotik odolberrituta iritsita. Lan ederraren adibide da bakarkakoa, 30 urterekin, kuadrillakoekin parrandan, lagun batek prestatutako kokaina marren inguruan osatua. Hona bigarrena: «Gogotsu baegozala hasieratik dot igarri/ bakarrik ez dira izaten garagardoen egarri/ eta beste mundu horrek egin dabe erakarri/ poltsa baten hiru gramo gaur ere dabe ekarri/ eta hori bihurtu da orain juergaren oinarri/ horren kontra nik ez daukat aspaldi hainbat aldarri/ eta hementxe nago zain egoera ez da barri/ bueno probatuko dot niri txikiena jarri».

Baina berri-berria, Nerea Ibarzabalen odola da. Arrasto ederra utzi du Miribillako estreinaldian, bakarkako lan zoragarri batekin borobildua, eta publikoak aunitz eskertu dio. Gobernuaren auto ofizial bat 35 urtez gidatu ondotik erretiratzear den txoferraren ahotik abestu du. Honela amaitu du: «Nahiz ta txoferraren lanpostuak badituen bere xarmak/ jubilaziora eraman nau noizbait hasi nuen lanak/ baina gerora begira ditut ongi lotutako planak/ beldurtu daitezela guztiak jo dezatela alarmak/ nahi ditut trajeak ta dirua, Kanariak ta Bahamak/ bestela kontau egingo ditut hemen entzundako danak».

Ofiziotan, hamarreko txikian, kontakizunean barneratu gaitu Miren Amurizarekin eskuz eskuz, eta erremate jeniala eman dio bertsoaldiari markinarrak «gora Bollivia!» aldarrikatuz. Bikotea dira; Nerea boliviarra da eta lehendabizikoz doa bertara Miren neskalagunarekin eta 4 urteko alabatxoarekin batera familiak txikia ezagutu dezan. «Bikotea garela esango dozu ezta?», kezka du Mirenek. «Imajinauko dute esan gabe ere» erantzun dio lagunak.

Hurrengo bertsoan, amona ere lesbiana dela uste duela erratera zihoanean, ihes egin dio puntuak Nereari eta, publikoaren animoen eta txaloen laguntzaz, buelta eman eta borobil bukatu du: «Bidai hau izango da biontzat saria/ asko maite zaitut ta gora Bollivia!».

Bertso gogoangarriak

Paraje beroetara eraman gaitu zazpigarren egin duen Miren Amurizak. Rantxeren musika bero eta indartsua ekarri du bakarkakoan, entzuleen belarriak goxatuz. Zaintzen duen pertsonak ezin du etxetik atera eta berarekin ematen du eguna. Deskantsurako tarte bat hartu eta kalera atera da. Hona lehena: «Goizean altxatu eta erauzten dotzat pijana/ kulero ta galtzerdiak gero jantzi banan-bana/ almorzutako prestatzen dautzat maitasunez jana/ ta goizean konpainia eittea da nire lana/ zelan aldatu leikean etxe baten panorama/ iktus bat gertatuz gero egunero dago drama (bis)/ orain bera da alaba eta ni naz bere ama»

Jendearen gogoan gelditzeko bertsoak aditu ditugu, ingurukoek politikan sartzera animatu eta legealdia amaitzeko desiatzen dagoenaren paperean zortzigarren egin duen Beñat Ugartetxeak botatako hau kasu: «Sekretariak moñoño/ ta nik nahiko baldar joño/ gero batzarra luzatu nahian eta nik honaino/ euren peluka ta moño/ naukate kokoteraino/ artzain makila askoz hobe da aginte makila baino».