Mikel CHAMIZO
DONOSTIA
Entrevue
RAMON LAZKANO
KONPOSITOREA

«Operarekiko gogoeta kontraesankorrak izan ditut beti, baina zoratzen nauen generoa da»

Ramon Lazkano konpositore donostiarrak omenaldi handia jaso berri du irailean, urrian eta azaroan Parisen, bertako Udazken Festibalak bere musikari eskaini dizkion hiru kontzerturen bitartez. Horietako bat, bere opera berria aurkezten duen «Ohiberritze» ikuskizuna, gaur eskainiko da Donostiako Kursaal jauregian. Emanaldiak musika garaikidea euskal dantzekin batzen du.

Pasa den irailaren 17an Parisko Théâtre du Châtelet ospetsua euskal kolorez jantzi zen “Ohiberritze” ikuskizunari esker. Euskal sorkuntza tradizionala eta garaikidea uztartzeko asmoarekin, hiru orduko ikuskizuna Jean Pitriau pastoralarekin hasi zen, pasa den udaran Atharratze-Sorholuzen (Zuberoan) eta Otsagabian (Nafarroan) antzeztutako berbera. Gero Zuberoako kantu eta dantza tradizionalek osatutako atal bat eskaini zen, artista gazteen eskutik, “Dantzaren bozak” izenpean. Eta herriaren bihotzean jatorria duten esperientzia artistiko horien artean, testuingurua jasoz eta sortuz, bi euskal musikagile handiren obrak era aurkeztu ziren: Maurice Ravelen “Trio” zoragarria eta Ramon Lazkano Ravelen bizitzaren inguruan amaitzen ari den opera, Jean Echenozen “Ravel” eleberria gidoi bezala hartzen duena.

Parisen izan zuen arrakastaren ostean, Donostia 2016k Kursaalera ekarri nahi izan du “Ohiberritze” ikuskizuna –pastoralik gabe–. Gaur izango dugu, 19.00etatik aurrera, atzoko eta gaurko euskal musikarekin topa egiteko aukera paregabe hau.

 

«Ohiberritze» ikuskizunarekin hasi zen Parisko Udazken Festibalak hiru kontzerturekin eskaini berri dizun erretratua. Zure «Ravel» operaren pasarteekin batera, pastoral bat eta euskal dantzak aurkeztu ziren Théâtre du Châtelet entzutetsuan. Zergatik egin nahi izan zenuen horrela, zure musikarentzat leku zabalago bat gorde beharrean?

Parisko festibalak ni gonbidatu ninduen, baina programazioa ez dut nik egin, festibaleko zuzendariak baizik. Zuzendariak argi zeuzkan kontzeptualki bete nahi zituen helburuak: jatorrizko ideia euskal tradizioaren bitartez sorkuntza berria nola den posible aditzera ematea zen. Testuinguru horretan, eta Ravelen musika euskal erreferentziez blai dagoenez, egokia iruditu zitzaion Zuberoatik Ravelen musikarantz hurbiltzea eta nire proiektuarekin estekatzea.

 

Hainbeste urtez Parisen bizi ostean, paristarra zarela esan daiteke. Baina hiriak eskaini dizun omenaldian zure euskal erroak protagonista bihurtu nahi izan dituzu. Non eta nola aurkitzen duzu zure burua, eta zure musika, Parisko kosmopolitismoaren eta euskalduna izatearen artean?

Nire ikuspegitik, euskalduna izatea akzidentea da. Ez dut nire euskal erroa protagonista bihurtu nahi izan, baina euskaldun izatearen nire baldintzak nire lana eta lan horretan diren ikuspuntuak elikatzen ditu. Bestalde, nire obra nire kasa eta nire esperientziarekin eraiki nahi izan dut beti, naizena naizelako. Parisko kosmopolitismoak eskertzekorik baldin badu, atzerritarraren bereizgarriak onartu eta bereganatzen dituela da, forma berri bat emanez eta atzerritarraren izatea aberastuz eta moldatuz.

 

Parisko Udazken Festibalak eskaini dizun erretratuak Europa mailan musikagile bezala duzun izen handia berresten du. Ibilbide luzea egin duzu zauden lekuraino iristeko. Zure karreraren inguruko zein hausnarketa sortu dizkizu omenaldi handi honek?

Ibilaldia obraren eraikitzearena da. Eguneroko lanari ekin, ohizko buruhausteekin borrokatu eta, bat-batean, ezustean ia, urtetako esfortzuak zerbait gauzatu duela ohar daiteke nornahi. Baina hori ez da helmuga, ez gara inora iritsi, etapa bat besterik ez da. Erretratuek bertigoa ematen dute, egindakoari aurre egin behar baitzaio: nahitaez, krisialdiak dira.

 

Erantzukizun handia da zuretzat Euskal Herriko musikaren ordezkari ezagunenetarikoa izatea? Zer pentsatzen dute Frantzian, edota Europan, «euskal musika» hitzak entzuten dituztenean?

Ez dut nire burua horrela ikusten: Euskal Herrian lan bikaina eta azpimarragarria egiten ari diren musikagile asko dauzkagu zorionez, eta eskerrak gure azpiegiturak aniztu eta zabaldu egin diren urteotan. Kanpoan ere arlo ezberdinetan ari direnak asko dira, gazte eta ez horren gazte, nahiz batzuetan ahaztu egiten zaizkigun, tamalez.

 

Parisen eta New Yorken zure hainbat pieza aurkeztu berri dira. Batez ere «Igeltsuen Laborategia», Oteizaren ideietatik edaten duten hamabost konposizioz osaturiko zikloa, arrakasta handia izaten ari da. Zein da serie horren sekretua edonon hain harrera ona izateko?

Auskalo! Egia esan, ez naiz pieza batzuek besteek baino arrakasta handiagoa zergatik duten argitzeko gai; gainera, kasu gehienetan norberaren perspektibaren kontrakoa izaten da kanpotik datorren ikuspuntua...

Duela urte batzuk utzi zenion «Igeltsuan Laborategia» zabaltzeari. Nola eragin dizu serie horrek zure kreatibitatean? Atala itxi ahal izan duzu edo bertara bueltatzeko asmorik badago oraindik?

Iragana da niretzat orain “Igeltsuen Laborategia”, beste kezka eta proiektu berriak dauzkat. Beharrezkoa izan zen bere garaian eta behar nituen gailuak garatzen lagundu dit.

 

Jean Echenozen «Ravel» nobela da zure lehendabiziko operaren oinarri literarioa. Bazenuen aurretik opera bat idazteko gogorik, edo nobelaren irakurketarekin hasi zen dena?

Operarekiko gogoeta kontraesankorrak izan ditut beti, baina betidanik zoratu nauen generoa ere bada. Irakurketek operaren gura sustatu didate noizean behin, eta bidean ezinezko hamaika proiektu gelditu dira. Jean Echenozen liburua, ordea, ebidentzia bat izan zen: Ravelengatik, noski, eta Ravelen gaixotasuna nire kezkekin bat datorrelako, baina, batez ere, Echenozek musikariaren azkeneko hamar urte horiek kontatzen dituen moduagatik.

 

Nola izaten ari da «Ravel» operaren sorkuntza prozesua? Nolakoa da zure operarekiko begirada, genero bezala?

Sormen prozesu denak bezala, ernagarria eta mingarria, biak batera. Musika idazteak kemen handia eskatzen dit niri. Kasu honetan, proiektuaren dimentsioa eta berau prestatzeko beharrezkoa den epe luzea tarteko, areago. Ideia lantzen aspaldi hasi nintzen, 2008an, baina gero, arrazoi pertsonalengatik, baztertu egin behar izan nuen garai batez; proiektua Joséphine Markovitsek, Parisko Udazkeneko Festibaleko zuzendariak berpiztu duela esan nezake. Urte eta erdi pasa dut jada lanean: lehen asteak libretoa prestatzeko, eta, ondoren, oraingoz existitzen diren 40 minutuak konposatzeko.

Operaren izaera oso eztabaidagarria da, eta, ziur aski, eten ezineko debatetara bultzatuko gintuzke historikoki, teknologikoki eta estetikoki aztertzen hasiko bagina. Nolabait, proiektuari ekiteko, kontzeptualki izan nitzakeen lotsa eta eragozpenei uko egin nahi izan diet, hainbat konbentzio onartuz. Era berean, pentsamolde bare horrek askatasun berri bat eskaini didala nabari izan dut.

Benetan zaila dirudi ahotsa galtzen dioan musikari baten inguruan opera bat idazteak. Zein irtenbide musikal aurkitu duzu afasiaren gakoarentzat?

Egia esan, Echenozek berak eman dit gakoa, narrazioak aurrera egin ahala, Ravelen ahotsa urritu eta isildu egiten delako.

 

Operaren zein zati entzungo ditugu Donostiako gaurko kontzertuan?

Donostian aurkeztuko dena kontzerturako egokitutako zatiak dira, bi kantarirekin, sopranoa eta tenorea, baina, amaitutakoan, zazpi izango dira guztira. Zati horiek eszena introspektiboetatik datoz, eta segida berezi batean antolatu ditut kontzertuari zentzua emateko. Instrumentuen aldetik, hamabost jotzaile dira, eta bitxitasun bezala aipa nezake biolontxelistak eta kontrabaxistak bi instrumentu erabiltzen dituztela bakoitzak, bata arrunta eta bestea mikrotonalki afinatutakoa.