GARA
KINSHASA

Txartel gorria atera diote Kabilari Bruselan

Gaur bukatu beharko luke Joseph Kabila Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentearen legealdiak, baina, berak karguan jarraitu nahi duenez, protestaldi gogorrak espero dira datozen egunetarako.

Azken hilabeteotan dozenaka hildako eragin dituzte segurtasun indarren eta oposizioko manifestarien arteko borrokek Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta, azken orduan Eliza katolikoak akordiorik lortu ezean, egoera larriagotu egingo da gaurtik aurrera. Gobernua urduri da eta sare sozialak eta Internet bera blokeatzeko agindu du, tresnok manifestarien zeregina errazten dutelakoan. «Tankerako neurriek gehienetan tentsioa eta beldurra areagotzea baino ez dute lortzen, eztabaida politikoa murrizteaz gain. Konstituzioak aldarrikatzen dituen adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea bermatu eta atzera egiteko eskatzen diet agintariei», adierazi du Zeid Raad Al Hussein Nazio Batuetako Giza Eskubideen goi mandatariak.

Hamabost urte egin ditu agintean Laurent Kabila zenaren semeak. Aitak Mobutu Sese Seko diktadorearen aurkako estatu kolpea egin zuen 1997an. Handik lau urtera bere bizkartzain batek hil zuen.

Gaur amaitzen da, teorian, Joseph Kabilaren bigarren agintaldia, baina trantsizio prozesua eten egin zuten agintariek. Joan den azaroaren 27an egin behar zituzten hauteskundeak, baina «arrazoi logistikoak» medio, egin gabe geratu ziren. Oposiziokoek diote Kabilak karguan jarraitu nahi duela kosta ahala kosta, eta horregatik atzeratzen dituela hauteskundeak 2018 arte, oposizioko talde politiko ahulenekin Kinshasak egindako elkarrizketa prozesuan adostu moduan. Baina Etienne Tshisekedi lehen ministro ohiak zuzentzen duen taldeak ez du bat egin aipatu akordioarekin eta manifestazioak antolatu ditu.

Kinshasa hiriburuko herritarrak janaria pilatzen hasiak dira eta Nazio Batuen kasko urdinak bertara eraman dituzte, egoera gaiztotu egingo delakoan. Futbol liga nazionala bertan behera utzi zuten orain aste batzuk eta selekzioak urrian jokatu zuen partida bat eten egin behar izan zuten, ikusleek Kabilaren aurkako ekitaldi bihurtu zuten-eta.