GARA
DONOSTIA

GuraSOSen eskaerari buruz erabakiko dute hil honetan

EAEko Auzitegi Nagusiak urtarrilean erabaki beharko du Gipuzkoako hiri hondakinen plana eteteko GuraSOSen eskaera onartzen duen edo ez. Bestalde, erraustegiaren lehenengo adjudikazioa deuseztatzeko 2013ko akordioa atzera bota du Donostiako epaitegi batek.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak hilabete honetan erabaki beharko du Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko plan orokorra (GHHKPO-PIGRUG) geldiarazteko GuraSOS elkarteak egindako eskaera onartzen duen edo ez.

Elkartearen helburua Zubietako errauste plantaren eraikuntza gelditzea da, horri buruzko eztabaida sortu bitartean. Gizartean adostasun batera iristea nahi dute lanak hasi aurretik.

Bestalde, Donostiako 1. Administrazio Auzietarako Epaitegiak erabaki du bertan behera uztea erraustegia eraikitzeko kontratuaren adjudikazioa deuseztatzeko 2013an enpresekin hartutako akordioa. Epaitegiak ebatzi du EH Bilduk Gipuzkoako Aldundian zegoela hartu zuen erabaki hori ez zela zuzenbidearen araberakoa izan.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak presazko prentsaurrekoa deitu zuen atzo eguerdian auzitegiak hartutako erabakiaren berri emateko. Epaiak «zuzenbidean erabat deuseztatutzat jo du» Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) ezohiko batzar nagusiak 2013ko azaroaren 25ean onartutako erabaki hura.

Erraustegiaren lehen esleipenaren kontratua FCC, Serbitzu, Altuna y Uria, CM eta HZIAGk osatutako aldi baterako enpresa elkartearekin sinatu zuten. Kontratu hori bertan behera uzteko zortzi milioi euroko kalte-ordainak adostu zituen EH Bilduk.

Erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu zuten GHK-ko batzarreko kide ziren Arcadio Benitezek, Ricardo Garatek, Ioseba Arrizabalagak, Denis Itxasok eta Igor Iturainek, San Markoseko Mankomunitatea eta Debabarreneko Mankomunitatearekin batera, eta orain auzitegiak arrazoia eman die.

Gipuzkoako Aldundiak igorritako ohar baten arabera, ebazpenaren argudio juridikoak oinarritzat hartuta, epaitegiak «boterearen desbiderapen argia» dagoela ondorioztatu du.

Prozeduran GHK agertu zen demandatu gisa eta honako hauek interesdun bezala: Tolosako Mankomunitatea, Urola Erdiko Mankomunitatea, Urola Kostako Mankomunitatea, Sasieta Mankomunitatea eta EH Bilduko 13 kargu, tartean Ingurumen diputatua zen Iñaki Errazkin eta GHK-ko presidente ohia, Ainhoa Intxaurrandieta.

Gipuzkoari «kalte»

Jose Ignacio Asensiok adierazi zuen epaia zerbitzu juridikoei helarazi diela «aurreko foru gobernuko arduradunen aurka egon daitezkeen zuzenbide arloko erantzukizunak ezar ditzaten». Honen ustez, EH Bilduk hartu zuen erabakiak «kalte» egin dio Gipuzkoari «galera ekonomikoak izan direlako, eta baita ere gaur egun azpiegiturak falta direlako eta horrek ingurumenaren gaineko ondorioak ekarri dituelako».

«Larriena da bazekitela zer egiten ari ziren eta estrategia politiko bat jarri zuten gipuzkoarren interesen aurretik», esan zuen diputatuak.