Lander GARRO
Idazlea

Sentimendu egoista xamar bat

Asteon gertatu da notizia, balea agertu dela Getariako portuan. Zorteko izan nintzen, eta agertu orduko, teleberriek haren berri eman aurretik joan nintzen hura ikustera, gaua zela. Bi ordu izan nintzen balearen «konpainian», haren arnas hotsarekin liluratuta, piztiaren igeri soberbioaz txunditurik. Hotz zegoen gaua, baina balearekin halako intimitate bat nahi nuen, harreman ezinezko eta primario bat, basatia, hura eta biok bakarrik geundela sentitu: itsasoa, hura, neu. Kito. Hurrengo egunetan albistea zabaldu zen, eta, noski, animalia feriako tximu bilakatu da. Atzo izan nintzen berriz Getariako moilan, eta nahikoa tristea zen jendea kameraz armaturik ikustea, nor aberea bere kameraz harrapatzeko zera hori, besteek hartutako irudiak nahikoak ez balira bezala, balea sakelakoan gordetzea balea ikustea bera baino ederragoa balitz bezala. Balea gaixo dagoelako etorri omen da zibilizazio porlanezkoan atseden hartzera. Eta inor harrituko al da animalia gaixorik dela jakinik? Ozeanoa zibilizatuon zabortegia ez balitz, sikiera. Animaliarekin hunkiturik zeudenen artean zaborrak erraustu eta eskoriak ozeanoan zabaltzeko hautua egin duen alderdiko zenbat sinpatizante ote zegoen kalkulatzen hasi nintzen, baina balea bezala gaixotzen hasi nintzen, eta etxera itzuli nintzen, lehen eguneko xarmaren izpi bat ere sentitu gabe.